Aurtengo beka deialdia martxan jarri dute Alkizan

Ataria 2026ko apirilaren 30a

Sortzaileek maiatzaren 27ra arte proiektuak aurkeztu ditzakete bekara. Hautatuko egitasmoa artistikoak 1.800 euroko laguntza eta Alkizan hiru asteko egonaldia izango du saritzat.

Alkizako Udalak Sormenaren Kabia bekaren 2026ko deialdia jarri du martxan. Interesa duten sortzaileek apirilaren 27tik maiatzaren 27ra bitartean aurkeztu ahal izango dituzte euren proposamenak. Aurten, bekak Berria egunkariaren babes berezia izango du, proiektuaren zabalkundea eta ikusgarritasuna handitzeko.

Deialdia arte diziplina guztietara zabalik dago, eta adinez nagusi diren sortzaileek parte hartu ahal izango dute, banaka zein taldean. Aurkeztutako proiektuek jatorrizkoak izan beharko dute, eta ezingo dira aurrez argitaratutakoak izan.

Bekaren bidez, hautatutako proiektuak 1.800 euroko laguntza jasoko du, eta hiru asteko egonaldia egingo du Alkizan, aurtengo iraila eta abendua bitartean. Egonaldian, artistak udalaren azpiegiturak eta baliabideak izango ditu eskura, baita sormen prozesuan laguntza eta aholkularitza ere.

Sona handiko epaimahaia

Proiektuak ebaluatzeko diziplina anitzeko epaimahaia osatu du antolakuntzak: Elena Cajaraville Ordoñana, artista eta Ur mara museoko zuzendaria; Rita Unzurrunzaga Schmitz, Ekain Artelanak galeriako zuzendaria; eta Sofia Arostegi Parra, arte historialaria eta kudeatzailea. Epaimahaiak hainbat alderdi hartuko ditu kontuan, besteak beste, proiektuaren kalitatea eta originaltasuna, ibilbide artistikoa, proposamenaren bideragarritasuna eta Alkizako testuinguruarekin duen lotura.

Hautaketa prozesua bi fasetan egingo dute: lehenik, aurkeztutako proiektuen balorazio dokumentala egingo da, eta, beharrezkoa bada, bigarren fase batean hautagaiekin elkarrizketak egingo dituzte proposamenak sakonago ezagutzeko.

Sormenaren Kabia ekimenak sorkuntza artistikoa bultzatzen du, eta aldi berean, landa eremuek, kultura garatzeko duten ahalmena agerian utzi nahi du, sortzaileen eta tokiko komunitatearen arteko loturak sendotuz. Alkiza, gainera, Hernio mendiaren magalean eta Natura 2000 sarearen barruan kokatuta dago, sorkuntzarako testuinguru berezian. «Ingurune naturalak eta herrien lasaitasunak aukera ematen dute eguneroko erritmotik aldendu eta sormen-prozesuan sakontzeko, paisaia bera lanaren parte bihurtuz».

Aurtengo edizioan, gainera, bekak Berria egunkariaren babesa izango du. Euskarazko agerkariak proiektuaren zabaldundean eta ikusgarritasunean lagunduko du.

Maiatzaren 27ra arte aurkeztu daitezke proposamenak eta aurtengo bekaren oinarriak eskura izango dira Fagus-alkiza.eus helbidean. Informazio gehiago nahi duenak sormenarenkabia@gmail.com helbidean edo 688 60 44 66 telefonoan izango du.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!