Alkizako udaletxeko ganbaran aurtengo Sormenaren Kabia bekako irabazle Camile Duharte artista bisualak Babesleku: Visual Refuge proiektua aurkeztu du. Eskultura biodegradagarri eta bideo-artea batu ditu, inguruko elementuekin sortutako mapping baten bidez: goroldioaren testurak, basoko soinuak eta argiak erabili ditu.
Aurkezpen ekitaldian sorkuntza-prozesua nolakoa izan zen azaldu du Duhartek eta gainera, haren lana jasotzen duen ikus-entzunezko bideoa proiektatu dute, Unai Sorarrain herritarrak egindakoa.
Duhartek adierazi duenez, artelan hauekin ikusgarria eta ikusezina konektatu ditu, paisaiaren zentzumen-esperientzia bat sortuz. Sorkuntza lan poetiko eta ekologikoa dela dio egileak, gizatiarraren eta ez gizatiarraren arteko zubi.
Sormenaren Kabia Beka Alkizako Udalak, Koldobika Jauregi artistaren gidaritzapean, eta herriko eragileekin elkarlanean sortu zuen 2018an. Helburua da artistentzat espazio bat eskaintzea, non naturagune paregabe batean esperientziak partekatu, hausnartu, sortu eta esperimentatu daitezkeen.
Camile Duharterekin batera Luzia Pedregal artista ere aukeratu zuten aurtengo bekarako, nahiz eta azken honek, arrazoi pertsonalak tarteko, ezin izan duen oraindik egonaldia egin Alkizan.