Camile Duhart artista bisuala da eta bere lanak artea, teknologia eta natura uztartzen ditu ikus-entzunezko instalazio esperimentaletan. Alkizan gauzatu duen Babesleku: Visual Refuge proiektuan, eskultura biodegradagarri bat eta bideoartea batu ditu, inguruko elementuekin sortutako mapping baten bidez: goroldioaren testurak, basoko soinuak, argiak... Artelan honek ikusgarria eta ikusezina konektatzen ditu, paisaiaren zentzumen-esperientzia bat sortuz. Sorkuntza lan poetiko eta ekologikoa dela dio egileak, gizatiarraren eta ez gizatiarraren arteko zubi.
Abenduaren 19an bere lanaren emaitza aurkeztuko du Duhartek 19:00etan udaletxeko ganbaran. Egonaldia nola bizi izan duen eta sorkuntza-prozesua nolakoa izan den azalduko du eta, gainera, Unai Sorarrain herriko bideogileak Duharten lana jasotzen duen ikus-entzunezkoa proiektatuko dute ekitaldian.
Sormenaren Kabia Beka Alkizako Udalak, Koldobika Jauregi artistaren gidaritzapean, eta herriko eragileekin elkarlanean sortu zuen 2018an. Helburua da artistentzat espazio bat eskaintzea, non naturagune paregabe batean esperientziak partekatu, hausnartu, sortu eta esperimentatu daitezkeen.
Elena Cajaravillek, Txiki Agirrek eta Zaloa Ipinak osatu zuten aurten epaimahaia eta bi proiektu aukeratu zituzten, aurkeztutakoen kalitatea, berrikuntza, motibazioa, bideragarritasuna Alkizako herriari egingo zitzaion ekarpena kontuan hartuta; artistaren ibilbideari ere erreparatu zioten.
Honela, Camile Duharterekin batera Luzia Pedregal artista ere aukeratu zuten aurtengo bekarako, nahiz eta azken honek, arrazoi pertsonalak tarteko, ezin izan duen oraindik egonaldia egin Alkizan.