Bi aste luze daramatza Alkizan Camile Duhart Dode (San Salvador de Jujuy, Argentina, 1998) artista bisualak. Gustura dago egin dioten harrerarekin, Erretore etxeko gela bat utzi diote lanerako eta inguruko mendi eta basoetan ari da bere proiektua gauzatzen.
Zein ikasketa egin dituzu artearen munduan?
Bartzelonan ikasi nituen Arte Ederrak eta Arte Bisualetan eta Multimedian espezializatu nintzen Valentziako Unibertsitate Politeknikoan.
Zein ibilbide egin duzu orain arte?
Eskulturan espezializatu nintzen baina denetarik egin dut. Asko gustatzen zait elektronikarekin eta teknologia berriekin lan egitea. Masterreko tesian, adibidez, silikonazko izaki robotiko bat garatu nuen, arnasa hartzeko gai zena, sentsore infragorri batekin eta ESP32 kamera batekin. Gaur egun, proiektu bisualak egiten ditut kontzertuetan eta bestelako jaialdietan. Gustatzen zait. Arte sortzaile bezala, animazioan eta web esperientzia interaktiboetan egiten dut lan, adierazpide digital berriak aztertuz.
Nondik datorkizu teknologia berriekiko interesa?
Zientzia fikziozko liburu asko irakurri izan ditut eta pelikulak ikusi ere bai. Mundu horretan sakontzen aritu naiz nire ibilbide artistikoan eta gaur egun oso pozik nago mundu horretan lanean nabilelako.
Noiz eta nola jakin zenuen Sormenaren Kabia bekaren berri?
Lagun batek esanda. Bilboko Arte Ederretako fakultateko irakasle batek deialdi batzuen berri eman zion eta tartean zen Alkizakoa. Iaz nire proposamena aurkeztu nuen bekarako baina ez ninduten hautatu eta aurten beste proiektu batekin etorri naiz eta aukera eman didate. Oso pozik nago.
Beste egonaldi artistikorik egin al duzu?
Bai, gustuko ditut horrelako esperientziak. Erresidentzia artistikoak egin ditut Turkian, Valentzian eta Bartzelonan.
Alkizakoak zein bereizgarri du?
Lehenengo aldia da landa ingurune batean egonaldia egiten dudana eta gogoz etorri naiz. Nire asmoa da teknologia eta natura uztartzea eta horretarako Alkiza toki aproposa iruditzen zait. Gainera, hemen lanean hasi ahala, beste ideia batzuk sortu zaizkit.
Parajea zer moduzkoa iruditu zaizu?
Nire gurasoak Munitibarren bizi izandakoak dira, han ere badago basoa, baina hemengoaren aldean ezberdina da. Bizkai aldean pinu asko dago eta hemen bestelako zuhaitzak ikusi ditut. Gustatzen zait Hernio-Gazumeko eremu hau, oso naturala iruditzen zait.
'Babesleku: Visual Refuge' proiektua aurkeztu duzu. Zertan datza?
Nire asmoa eskultura efimeroak egitea da, gero intsektuentzat bizileku izango direnak. Basoan ezkutatzen ditut etxetxo moduko hauek eta mugimendua detektatzen duten bideo-kamerak jartzen ditut haien aldamenean. Nire ideia da kamerek grabatzen duten hori gero bertsio digitalera pasatzea, instalazio bisualak edota mapping-ak edo dena delako formatuak sortzeko.
Zein asmorekin egiten duzu?
Basoan gertatzen den bizitza horri eta ukitu ezin dugun horri ikusgaitasuna ematea da nire helburua. Hasiera batean pentsatu nuen jendea zuzenean behaketa egitera gonbidatzea, baina inbaditzailea izan zitekeela eta, buztinez egindako etxetxo hauekin lan egitea hobetsi dut. Eskultura hauek basoan bertan utziko ditut eta berez desegingo dira.
Zein buztin erabili duzu eskulturak egiteko?
Egonaldiaren lehen partean mendian ibili naiz eta buztina bide bazterretatik hartu dut. Buztin gorria da, garbiagoa, adaxka eta zikinik gabekoa, eta konturatu naiz hori erabilita gehiago irauten dutela eskulturek.
Zein forma eman diezu etxetxoei?
Marrazki asko egiten ditut, hori da niretzako sormen prozesuaren abiapuntua. Marrazkiak niretzat prozesuak dira, forma jakin batera naramatenak, proiektu edo ideia batetara. Esploratzen hasi nintzen eta ikusi nuen marrazkietan gehien errepikatzen zirenak etxetxo formako esfera biribilak zirela. Horrekin aritu naiz orain arte, baina bestelako formatuak ikertzen ari naiz, batez ere, proiektu bukaeran egingo dugun erakusketarako. Teknologiarekin fusionatu eta intsektu formakoak egitea gustatuko litzaidake.
Egunotan eskultura efimeroen bitartez intsektu asko erakartzea espero al duzu?
Bai. Janaria utziko dut buztinez egindako etxetxo horien barruan. 24 orduz utziko dut kamera grabatzen. Proba bezala kamera bakarrik utzi dudan aldiren batean ikusi dut intsektu asko agertu direla. Esan didate, hemen badela Rosalia alpina izeneko intsektu bat, alpetar kakalardo adarluze bat, galtzeko arriskuan dagoena. Ederra litzateke azalduko balitz grabazioetan. Dena den, guztia erregistratuta geratu dadin, artxibo gisa, mapa batean jasoko dut zein lekutan jarri ditudan eskultura efimeroak.
Orain ikerketa eta bilketa fasean zaude. Zein forma hartuko du honek guztiak proiektuaren amaieran?
Egunotan kameren bitartez jaso ditudan irudi erreal horiek erabiliko ditut, gero pertsonei eskultura batzuen bitartez erakusteko. Horretarako pantaila eta formatu digital ezberdinak erabiliko ditut: mapping-a, pantaila oledunak... Gustatzen zait teknologia hori ere txikia delako, intsektuen tamainakoa. Emaitza bezala sortuko ditudanak, nolabait esateko, intsektu teknologikoak izango dira.
Muntai horretan elementu ezberdinekin jolastuko al duzu?
Bai, hori da. Irudi horiek modu ezberdinetara proiektatuko ditut eta eskalarekin jolastuz, bolumenak eta espazioak sortuko ditut erakusketa gelan. Mapping horrekin instalazio moduko bat egingo dut eta espazioak moldatuko ditut. Nire asmoa da, intsektu bat, adibidez, handi-handian jartzea.
Nondik ateratzen duzu eskulturak egiteko teknologia?
Birziklatua izaten da dena. CD irakurgailuak, bideo-kamera zaharrak, kaseteak eta horrelakoak erabiltzen ditut. Desmuntatu egiten ditut eta oso erakargarriak egiten zaizkit azaltzen diren pieza txiki guztiak.
Eskolako umeekin ere egongo al zara?
Bai, gaur dut hitzordua haiekin. Buztinarekin intsektuentzat etxetxoak nola egin erakutsiko diet eta haiek ere basoan jarriko dituzte. Herriko beste eragileekin ere egon naiz, Ur maran izan nintzen antolatu zituzten jardunaldietan eta nire sortzeko prozesua ikus-entzunezko batean jasoko du Unai Sorarrain herritarrak.
Artista bisual gisa zein asmo duzu hemendik aurrera?
Urte bukaeran hona etorriko naiz proiektuaren emaitza erakustera. Bestela, sorkuntza munduan jarraituko dut, deialdietara aurkeztu, nire artelanak saldu, proiektuetan parte hartu... Artea eta ikus-entzunezkoak egitea da nire bizitza.