Arruazuko Udalak atzo arratsaldean onartu zuen Euskal Errepublikaren aldeko mozioa. Ehun mugimenduak bultzatuta, Arruazuk onartu egin du hiru puntuko deklarazioa, idatzia eztabaidatu ondoren. Lehenak dio udal horrek baieztatzen duela «espainiar eta frantziar estatuen parte den bitartean» ezin izango dutela «herritar guztien aldeko legedirik aurrera atera». «Ondorioz, diogu Euskal Errepublika herritar guztion ongizaterako derrigorrezko erreminta dugula». Bigarren puntuan, berriz, Arruazuko Udalak helarazi du errepublika hori «eskubide guztiak denontzat ziurtatzeko derrigorrezko erreminta» dela; eta azken puntuan, ezarritakoaren ondotik eratorritakoa azaltzen du: «Udal honek bere burua Euskal Errepublikaren parte dela deklaratzen du».
Ehun mugimenduak bultzatuta, beste lau udalek onartu dute pareko deklarazio bat azken hilabeteetan, tartean Alkizak. Ehunen arabera, «udalak dira herritarrengandik gertuen dauden erakundeak, eta udalek inork baino hobeto ezagutzen dituzte herritarron taupada eta beharrak». Hala ere, mugimenduak dioenez, herritar guztion interesak babesteko «erremintarik gabe» daude tokiko erakundeak. «Gehiegitan, legediak, denon interesen alde izan beharrean, gutxi batzuen interesak babesteko eginak daude». Hala, Ehunek uste du udalen beharretatik «urrun» sortzen dela legedia.
Ehun mugimenduak martxoan jakinarazi zuen desegin egingo zela, baina herritarrak animatu ditu ekimena har dezaten eta haien herrietan mozioa aurkez dezaten.