Bere burua desegin aurretik, Ehun mugimenduak 101 mozio aurkeztu zituen Euskal Herriko beste horrenbeste udaletan. Bada, Alkizak (Gipuzkoa) aho batez onartu zuen atzo «euskal errepublikaren parte» dela. Halako mozio bat onartu duen bigarren udalerria da. Aurrez, Plentziak (Bizkaia) hartu zuen erabaki bera.
Mozioan, Ehunek defendatzen du udalak direla herritarrengandik gertuen dauden erakundeak, nahiz eta sarri «herritarren interesak babesteko erremintarik» ez izan. Zehazki, argudiatzen da Espainiako eta Frantziako estatuetako legedia dela medio euskal herritarretatik urrun hartzen direla erabakirik garrantzitsuenak.
Horri aurre egiteko, mozioak hiru puntu ditu. Batetik, «euskal errepublika herritar guztien ongizaterako derrigorrezko erreminta gisa» aitortzea. Bestetik, «erreminta horrek eskubide guztiak guztiontzat ziurtatuko lituzkeela baieztatzea». Eta, azkenik, aurreko bi puntuekin bat eginez, udalak bere burua «euskal errepublikaren parte» deklaratzea. Horiekin bat egin du Alkiza Abertzale Ezkertiarrak. Plataforma horretako kide dira alkatea eta zinegotzi guztiak.