«Buruan ditugun proiektuei lehen harria jarri ahal izango diegu»

Josu Artutxa Dorronsoro 2025eko ekainaren 27a

Kutxa Fundazioak Shrabani Aranzabe-Pita saritu du, 2025eko Inspira Gazteak Sarietan. 122 proposamenen artean 5 aitortu ditu fundazioak, bostak ere, emakumeenak, eta horietako bat izan da alkizar gaztearena. Bere ibilbideagatik eta 'Naturaren doinuak' proiektuagatik saritu dute.

Shrabani Aranzabe-Pitak (Alkiza, 1999) hezkuntza, inklusioa eta kultura uztartuz egin du bere ibilbidea. 2021ean sortu zuen Naturaren Doinuak, haur, nerabe eta familientzat esperientzia artistikoak eta naturarekin lotutako ekintzak eskaintzeko asmoz. Proiektu honetan murgilduta egoteaz gain, neurozientzia, hezkuntza eta hezkuntza artistikoa uztartzen dituen doktoregoa egiten ari da, gizarte-proiektuak eraginkorrak izan daitezen, ikerketa eta etengabeko hobekuntza ezinbestekoak direla sinetsita.

Zer sentitu duzu saria jasotzean?

Ez nuen sinesten. Gainera, nire proiektua saritu aurretik antzeko bat saritu dute, aniztasuna eta inklusioa uztartzen zituena, eta ondorioz, lasaitu egin naiz, pentsatzen nuelako dagoeneko ez nintzela irabazlea izango. Halako batean, nire izena pantailan ikusi dudanean, ez nuen sinesten; harrituta geratu naiz.

Zer suposatzen du sari honek zuretzat?

Sari hau ez da niretzako bakarrik, lantalde guztiarentzako baizik. Ohore handia sentitzen dut, baita ilusioa eta urduritasuna ere. Aldi berean, erantzukizuna eta konpromisoa ere sentitzen dut, eta uste dut garrantzitsua dela balioan jartzea. Sari hau pizgarri bat da guretzat, gure ibilbidea indartu eta aurrera jarraitzeko; inoiz ez da helmuga bat izan. Naturaren doinuak proiektuak gizarteko ekimenak eta zenbait balio bultzatzen ditu. Beraz, guretzako aitortza bat izateaz gain, aurrera jarraitzeko indarra ere emango digu.

Zertarako balioko du sariak eta batez ere 15.000 euroko diru laguntzak?

Kopuruak baino, aitortzak emango digun bultzada eta indarra jartzen dugu balioan. Egia da diru kopuru horrek gauza asko egitea ahalbidetuko duela proiektuan bertan, zuzenean bideratuko dugulako horretara. Baditugu aurrera atera nahi ditugun zenbait proiektu, baliabide faltagatik oraindik argia ikusi ez dutenak, eta sari honek, horiek pixkanaka bideratzen lagunduko du. Oso pozik gaude, buruan ditugun proiektuei lehen harria jarri ahal izango diegulako.

Zergatik dira garrantzitsuak gazteei bideratutako gisa honetako sariketak?

Batez ere, ez zarelako pertsona bitxia sentitzen. Askotan, badirudi nik bakarrik egiten dudala aurrera nire proiektuarekin, edo proiektuen bideratze-prozesuan gazteak bakarrik sentitu gaitezke, eta sari hauei esker, sare bat osatzen dugu. Oso polita da ikustea gazte ugari daudela zure egoera antzekoan, Gipuzkoa hobe bat izateko edo haien egunerokoa hobea izateko gauzak bultzatu nahi dituztenak. Saretze hori balioan jartzea eta indartzea oso garrantzitsua da. Aldi berean, oso polita da gizarte bezala gazteak indartsu datoztela, eta euren proiektuak dituztela. Horretaz jabetu beharko genuke, errealitatea izatez nahiko gordina baita, eta horrelako ekimenek esperantza ematen dutelako.

Nolako garrantzia du 'Naturaren doinuak' proiektuak gizartean eta zer ekarpen egiten du?

Naturaren doinuak, natura, hezkuntza, artea eta kultura uztartzen dituen proiektua da. Haur, nerabe, gazte, heldu nahiz adinekoekin bizipenak sustatzea eta inklusioa, aniztasuna eta gizarte kohesioa sustatzea du helburu. Horretarako, esperientzia artistikoak erabiltzen ditugu, bereziki, kolektibo zaurgarrientzat. Bi fasetan gauzatzen da proiektua: gizarte proiektuen fasea eta jaialdia.

Halaber, oso garrantzitsua da ikerkuntza, proiektuak bultzatzen duen balio handienetako bat. Urtero, gizarte proiektuak eraginkorrak izan daitezen ikerketan jarduten dugu, hobetzen joan dadin eta jende gehiagorengana iritsi ahal izateko. Ez masifikazioaren bidez, baizik eta onuragarria izan dadin eta ekarpen bat egin dezan.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!