Garraio publikoa herritarren beharretara egokitzeko eskatu du udalak

Ataria 2024ko abe. 10a, 15:00

Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak konpromisoa hartu du Alkizara iristen diren eskaripeko bi autobus lineen zerbitzuak nola hobetu aztertzeko. Gipuzkoako udalerriekin egiten ari diren entzute aktiboaren errondaren barruan bildu da aldundia udalarekin.

Azahara Domingez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatua Inaki Irazabalbeitia Alkizako alkatearekin bildu da Gipuzkoako udalerriekin egiten ari den entzute aktiboaren errondarekin jarraitzeko. Bileran garraio publikoari dagokionez udalerrian hautemandakoak azaldu zizkion Irazabalbeitiak diputatuari, ahal den neurrian, zerbitzua Alkizako herritarren beharretara egokitzeko. Gaur egun, Lurraldebuseko bi linea iristen dira Alkizara –TO20E (Tolosa-Anoeta-Alkiza) eta TO27E (Villabona-Alkiza)–, eta biek funtzionatzen dute eskariaren arabera. Dominguezek zerbitzu horien ordutegiak aztertzeko konpromisoa hartu du: «Nola hobetu daitekeen ikusi eta beste garraio-operadore batzuekin autobus-aldaketak errazteko».

Alkateak bileran aipatu zuen herritarrek «oso ondo» baloratzen dutela zerbitzua, baina hainbat gabezia ikusten dizkiotela: «Villabonako zerbitzuak Tolosakoak baino gutxiago dira eta horiek berdintzera joan beharko litzateke. Bestetik, goiz eta arratsalde erdian zerbitzuak gehitzea eta arratsaldeko ordutegia luzatzea komeni da, batez ere, Villabonara eta Tolosara jaisten diren gazteen beharrak asetzeko». Irazabalbeitiak nabarmendu du populazioaren herenak baino gehiagok 30 urte baino gutxiago dituela eta, honenbestez, haien premiak aintzat hartu behar direla. «Eskertzen dugu diputatuak gure eskari zehatzak aztertu eta ahal den neurrian inplementatzeko ahalegina egitea», esan du alkateak.

Garraio publikoa sustatzeko Gipuzkoako Foru Aldunditik egiten ari diren apustuaz hitz egin du Dominguezek Alkizara egindako bisitan: «Geroz eta gipuzkoar gehiagok beren joan-etorrietarako garraio publikoa erabiltzea nahi badugu, zerbitzua etengabe aztertzera behartuta gaude, ahal den guztietan, herritarren benetako beharretara egokitzeko». Garraio publikoa da, diputatuaren esanetan, lurraldea egituratzeko eta kohesionatzeko tresna nagusia. «Beste eskubide batzuetarako sarbidea bermatzen du garraio publikoak, hala nola osasungintzarako, hezkuntzarako, lanerako edo aisialdirako sarbidea—, aipatu du Dominguezek.

Naturarekin lotutako turismoa

Aldundiko arduradunak Alkizara egindako bisita baliatu du turismoa sustatzeko bertan egiten dituzten ekimenak ezagutzeko: Fagus Alkiza Interpretazio zentroa, Lete landetxea edota egin asmo duten Kutxidazu bidea proiektua. Hain zuzen, Hernio Gazumeko Kontserbazio Bereziko Eremura hurbiltzeko Fagus Alkiza interpretazio zentroa datozen hilabeteetan Erretore etxera lekualdatuko da, eta Next Generation funtsei esker garatuko da, baita ere, Kutxidazu bidea, Ixabel liburuan oinarritutako ibilbidea.

Alkizako proiektu turistikoak ezagutu ondoren, diputatuak esan du haiek aldunditik bultzatzen ari diren eredu turistikoan «ezin hobeto» txertatzen direla. «Turismo jasangarria izateaz gain, birsortzailea ere bada; bisitatzen gaituztenek gure lurraldeaz gozatzea da helburua, zaindari bihurtu eta gure artean arrasto positiboa utz dezaten», aipatu du Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketa diputatuak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!