Fagus-Alkiza interpretazio zentroa lekualdatzen ari dira egunotan, udaletxetik Erretore etxeko ganbarara, Ipar poloa deitzen dioten gelara. Azpiegitura kultural eta turistikoa datorren udaberrirako prest egotea espero dute udal ordezkariek.
Espazio berriak 300 metro koadro ditu, oraingoa baino espazio zabalagoa da, beraz, eta guztiz irekia da. Hernio-Gazume Kontserbazio Bereziko Eremua erakusteko aukera gehiago eskainiko dituela uste du Inaki Irazabalbeitia alkateak. «Gure herrirako garrantzitsua den azpiegitura hau handitu eta hobetu egingo dugu».
Orain arte, udaletxeko ganbaran kokatuta zeuden moduluak toki berrira egokitzearekin batera, hiru espazio berri sortuko dituzte: hezeguneei lotutakoa izango da horietako bat; beste batek, gizakia eta naturaren arteko harremana azalduko du eta testuingurua emango die orain arteko zenbait moduluri; eta azkenik, Sormenaren Kabia bekan parte hartzen duten artisten lanak jaso eta aldizka aldatuko den gune berri bat ere izango du.
Fagus-Alkiza interpretazio zentroak eskaripean funtzionatu izan du orain arte. «Gurea udal txiki bat da eta zerbitzua eskaintzeko mugak ditugu. Asteburuetan ezin dugu langile bat jarri jendeari harrera egiteko», esan du Irazabalbeitiak. Horregatik sarrera automatizatua izango du zentro berriak: «Fagus-Alkiza webgunetik QR kode bat deskargatu eta, hona etorritakoan, kodea erakutsi eta igogailutik interpretazio zentroko sarrera zabalduko zaie». Auto-gida batzuk izango ditu bisitariak eskura, zentroan ibilbidea bere kabuz egin dezan.
Inbertsioetarako laguntza
Alkizako Udalak laguntza jaso du interpretazio zentroa kokapen berrira eramateko eta eskaintza erakargarri bat prestatzeko. Tolosaldeak bi milioi euroko diru laguntza jaso du, Europako Next Generation funtsekin Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak osatutako Euskadiko Jasangarritasun Turistikoko bigarren Lurralde Planeko proiektuak garatzeko. Prozesu parte hartzaile baten ondotik, eta udalekin lankidetzan, zehaztu ditu Tolosaldea Garatzenek eskualdeko proiektuak eta, tartean da, Fagus-Alkiza zentroa. 80.000 euroko aurrekontua izango du egitasmoak eta obraren kudeaketa eskualdeko garapen agentziak darama. Datorren udaberrirako azpiegitura lekualdatuta egotea espero dute.
Udalak laguntza gehiago eskatuko ditu Erretore etxea berritzen jarraitzeko. 2021ean erosi zuen udalak eraikina eta orain arte egokitzapen lan batzuk egin ditu; teilatua konpondu eta igogailua jarri dute. Epe laburrera etxeko beste zenbait espazio berritu nahi dituzte: orain salto gela deitzen diotena erabilera anitzetarako areto bezala prestatu nahi dute; garai bateko barnetegiaren eremuan ostatatze zerbitzu bat eskaintzeko aukera ere buruan dute; eta orain udaletxeko eraikinean dagoen ostatua kokatu nahi dute etxearen bekaldean.
«Badakigu kosturik handiena ostatuaren lekualdatzeak ekarriko duela. Apustua egin nahi dugu, ordea, Erretore etxea toki aproposa iruditzen zaigulako zerbitzu hau eskaintzeko. Sotoa eta aldameneko jardina baliatu nahi ditugu ostaturako. Gainera, bisitariei harrera egin eta herriko hainbat produktu erakusteko gunea izatea nahi genuke».
Behin interpretazio zentroa tokiz aldatuta, aldaketak egingo dituzte baita udaletxean ere. Orain arte Fagus-Alkiza egon den tokian jarriko dute batzar aretoa eta udal bulegoak egokituko dituzte lehen solairuan: «Foru funtsean eman diren aldaketei esker aurrekontu handiagoa izango dugu eta gure asmoa udaleko plantilla handitzea da. Zerbitzu egokia eskaintzeko toki gehiago behar dugu», aipatu du Irazabalbeitiak.
Ikuskizun dago, oraindik, gaur egun Erretore etxean dagoen liburutegia lekualdatuko duten ala ez. Hurrengo faseetan zehaztuko du udalak.