Iazko Sormenaren Kabia bekarekin Alkizan egonaldi artistikoa egiten aritu ziren sortzaileen proiektuen emaitzak eman zituzten ezagutzera joan den astean Fagus Alkiza interpretazio zentroan. Ehun-bizipenak proiektuan landutakoak azaldu zituen Miriam Loidik eta sortutako piezetako batzuk biltzen dituen erakusketa zabaldu zuen. Igandera arte ikusgai izango da udaletxeko ganbaran.
Identitatearen eta memoriaren inguruan hitz egiteko lan lerro berriak probatzen ari dira Nomad Studioko kideak eta iazko egonaldi artistikoa bide horretan esploratzeko baliatu zuten. Alkizako Memoria proiektua gauzatu zuten argazki zaharrak bildu, digitalizatu eta haien atzean dauden istorioak alkizarren ahotsean bildu zituzten. Egindako lana kontsultatzeko moduan dago Retratonomada.com/eu/memoria webgunean.
Eli Garmendia eta Carlos Pericasek osatzen dute Nomad Studio, eta euren estudio ibiltariarekin mundu osoan zehar ibiltzen direnez, ezin izan zuten aurreko asteko aurkezpenean parte hartu. Herrialde Katalanetatik bidalitako bideo labur batekin aritu ziren ekitaldian eta aukera baliatu zuten proiektuan parte izan ziren alkizarrak agurtzeko.
«Oso polita izan zen esperientzia. Guretzako lehen aldia izan zen horrelako lan bat egiten genuela. Ahoz jaso genituen argazkien atzean zeuden istorioak eta asko ikasi genuen. Hurrengoetarako zenbait ikasketa atera genituen», aipatu zuen Garmendiak.
Bi sortzaileek aitortu zuten Alkizako historian buru belarri sartzeko aukera eman ziela proiektuak. «Bi zatitan dago banatuta proiektua eta oso modu intuitiboan erabili daiteke, beraz, gonbidatzen dugu jendea webgunea bisitatu eta alkizarren ahotsak entzun ditzan», aipatu zuen Pericasek.
Ostegunean Fagus Alkizan egindako aurkezpen ekitaldian ukipen-pantaila handi batean ikusi ahal izan zuten herritarrek Nomad Studiokoen lana. Udalak, gainera, iragarri du Alkizako Memoria proiektuarekin lotura egiteko esteka zabalduko duela bere webgunean laster.
Behin iazko bekadunen lanak aurkeztuta aurtengo bekaldiari hasiera eman diote. Urria eta azaroan egingo dute egonaldia hautatutako artistek.