ELKARRIZKETA

«Artea gizarteko edozein arlotan sartu daitekeen erreminta dela uste dut»

Ataria 2024ko ira. 12a, 11:57

Latx erakusketa inauguratu du Miriam Loidi Zuletek (Irun, 1996) Fagus Alkiza interpretazio gunean. Iazko Sormenaren Kabia bekari esker landutako Ehun bizipenak proiektuaren garapenaren emaitzak erakutsiko ditu igandera arte.

Zer moduzko esperientzia izan zen Alkizan izan zenuena?

Oso ona. Hiru bat aste eman nituen bertan. Gerora ere jarraitu dut herriarekin harremanetan. Besteak beste, Alkizan ezagutu nuen Iñaki Mujika Letamendia artzaina eta joan den ekainean artaldearen ile mozketara gonbidatu ninduen. Erakusketan, piezatxo baten bitartez, erreferentzia egiten diot, adibidez, ile mozketaren une horri

Bukatutzat ematen duzu Sormenaren Kabiara aurkeztu zenuen proiektua?

Bai. Nik jarraitzen dut artilearekin lanean, baina nolabait aurreko asteko aurkezpenarekin itxi egin dut proiektua. Garrantzitsua iruditzen zitzaidan herritarrek ezagutzea zer egin nuen hemenm izan nintzen asteetan. Aurreko urteetan ikus-entzunezko lan baten bitartez aurkeztu izan da egitasmoa, baina nik formatua aldatu eta erakusketa baten bitartez erakutsi dut egindako lana. Nomad Studiokoak ez dira presente egon, baina bideo baten bitartez parte hartu dute , eta haiek egin duten lana modu dinamiko batean pantaila baten ikusteko aukera izan da. Beste modu batera eta beranduago, baina aurten ere hemen gaude.

Bete dituzu hasierako proiektuarekin zeneuzkan asmoak?

Nire gogoa zen ardia eta baserria ezagutzea. Ikusi nahi nuen zer nolako lana suposatzen duen gaur egun abeltzain edo nekazari izateak. Nire helburuetako bat zen jendeak egoera horren berri edukitzea eta ikustea gaur egun artilearekin ere gauza asko egin daitezkeela.

Balioa ematen al zaio artileari?

Gaur egun hondakin bezala tratatzen da eta hortik hasi zen nire artilearekin lan egiteko desioa. Konturatu naiz artilearekin lan egitea oso mantsoa dela, denbora asko behar dela. Denboraren ideia hori baserriko beste edozein lanetara eraman daitekeela uste dut. Eskuz egiten da lan eta gogorra da ofizioa. Ez dut uste balio berdina eman diezaiokegunik, esate baterako, artilez egindako gauza bati edo plastikoz egindako bati.

Besteak beste arropari?

Bai. Orain badakit zein lan daukan artilea tratatzeak, gero, horrekin, jantziak egin ahal izateko. Esate baterako, lehen mantak egiteko edota koltxoiak egiteko erabiltzen zuten artilea eta uste dut bueltatu beharko genukeela lehengo erabilera horietara, artilea alperrik galtzen ez uzteko. Izan ere, arazo bat dugu: ez dakigu zer egin artilearekin. Ingurumen arazo bat da, baina baita ekonomikoa ere. Lehen artzainek etekin ekonomikoa lortzen duten artileari esker eta orain paretik kentzeko dirua ordaindu behar dute. Hemen Euskal Herrian hainbeste ardi ditugunez arazo honen inguruan hitz egin behar dugula uste dut. Nire aldetik artea gizarteko edozein arlotan sartu daitekeen erreminta bat dela uste dut, boterea duena gainera. Sorkuntza prozesuak gauza hauen berri emateko baliatu behar ditugu.

Zer nolako piezak daude ikusgai erakusketan?

Gutxi batzuk ekarri ditut. Lana izeneko pieza, adibidez. Egonaldietan sortu nuen, ura, xaboia eta nire eskuak erabilita. Xilografiaren bitartez lana hitza jarri dut, gaztelaniazko esanahiekin eta euskarazkoarekin jolastuz. Hemen erabiltzen ditugun bi hizkuntzen arteko harreman ezkutu hori islatu nahi nuen. Eskolakoekin egin nituen tailerreko argazkiak, Iñakirekin egindakoak, Elena Cajaravilleren lanak... egonaldian zehar nire bidelagun izan direnak jaso nahi izan ditut erakusketan.

Alkizako mapa bat ere ikus daiteke erakusketan.

Bai. Artilearen bila pieza da. Alkizako mapa da, eta ardien eta artilearen bila, feltroan josita doaz nik herrian zehar egin ditudan ibilbideak. Hesi izeneko pieza ere jarri dut erakusketan. Paisaiak mugatzeko moduez eta horren inguruan sortzen diren gatazkez egin nahi nuen gogoeta. Gizakiok paisaia gure interesen arabera moldatzen dugu. Azaleraren %95 gizakiak eraldatuta dago eta hor garrantzitsua da animaliek egiten duten lana ingurunea garbitzeko.

Beste nonbait erakutsi al dituzu pieza hauek?

Bai, artisautza azoketara joaten hasi naiz. Baditut pieza batzuk artilearekin eginak feltro teknikarekin eta probatzen ari naiz ea dekoraziorako funtzionatzen ote duten. Barruan landare bat jartzeko edo etxeko giltzak uzteko poltsatxoak egin ditut. Mirari Errondosorok esaten duen bezala, begirada irekitzea da kontua eta aukera berri bat ematea betiko materialei. Artileak azkura ematen duenaren mito hori deseraiki nahi dut eta frogatu ukitzerakoan leuna izan daitekeela.

Bertako artilearekin egindako piezak dira?

Iñakiren artilearekin egindakoak dira batzuk, baina izugarrizko lana da hori. Ekaineko ile moztetik pieza hau lortu bitarteko prozesua luzea da eta baliabideak behar dira horretara, besteak beste, tokia. Horregatik, nire sormen prozesuetarako Muturbeltz Karrantzako proiektuari erosi izan diot artilea. Badakit nondik datorren eta konfiantza osoa ematen dit.

Zeintzuk dira zure asmoak aurrera begira?

Artilearen lanketarekin jarraitu nahi dut. Hemendik gutxira atzerrira joango naiz beste egonaldi artistiko bat egitera, Valdiviara (Txile). Biomaterialen inguruko laborategi bat daukate bertan eta hango jendea Tabakaleran ezagutu nuen iaz. Ikertu nahi dut noraino eraman dezakegun artilea. Ez bakarrik pieza dekoratiboak egiteko, bestelako erabilera batzuetan sakondu nahi dut. Arroparako edota eraikuntza arloan isolatzaile termiko bezala artileak izan dezakeen funtzioaz hausnartuko dut. Begirada irekitzera noa. Artileak dituen baliabide guztiak ezagutu nahi ditut. Asko gustatzen zait piezak sortzea, baina baita ikertzea ere. Nire lan artistikoa hau da, baina prozesuari eta mezuari garrantzia eman nahi diot.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!