elkarrizketa

«Tolosaldeko pilotari dezentek egin dute debuta, eta hor lan handia dago»

Ataria 2023ko ekainaren 22a

Ugartemendia eta Gorostidi, txapelekin, 2016an, II. Ataria Pilota Txapelketan.

Gorka Ugartemendia (Alkiza, 2003) bi aldiz iritsi zen finaletara, Hitza eta Ataria pilota txapelketak kontuan hartuta, eta txapel bat jantzi zuen, 2016an, II. Ataria Pilota Txapelketan.

2016an lortutako txapel hori nola duzu gogoan?

Gogoratzen naiz kuadrillakoa den Gorostidirekin irabazi nuela. Oroitzapen asko ere ez ditut, baina gogoan dut aurretik jokatzen aritu nintzela txapelketa hori. Beti atzelari aritzen nintzen, baina orduan aurrelari moduan aritu nintzen. Gogoan dut Bidanian jokatu nuela final bat ere [2013an, X. Hitza Pilota Txapelketa] eta hori galdu nuela.

Zer oroitzapen dituzu orokorrean txapelketa horien inguruan?

Oso gustura aritzen nintzen. Hemen inguruko txapelketa izanik, pilotari ezagunekin jokatzen genuen eta aurkariak ere normalean ezagunak izaten ziren, edo behintzat hor joaten zinen ezagutzen. Oroitzapen oso onak ditut. Txapelak ere gordeta ditut, egongela beteta daukat, eta hor izango da ere lortutakoa.

Herrian bertan jokatu izango zenituen partidak.

Bai, finalik ez dut uste jokatu denik bertan, baina finalerdiak jokatzeko aukera izan nuen herriko frontoian.

Orain profesional bihurtu berritan, zer iruditzen zaizu horrelako txapelketak eta topaketak egotea?

Oso lan handia egiten da horrelako txapelketak antolatzen. Oso garrantzitsuak dira horrelako txapelketak, eta gero horrela ateratzen dira aurrera pilotariak. Azken urteotan Tolosaldeko pilotari dezentek egin dute debuta profesionaletan eta horrek esan nahi du lan handia egiten dela.

Herriko pilotari gaztetxoak ikusi dituzu parte hartzen edo entrenatzen?

Herrian entrenatzen dudanean kasu egitera etortzen dira. Gustatzen zait tarteka herrian entrenatzea; asteburutan ez badaukat partidarik, ez zait gustatzen asteburua pilotarik ukitu gabe egotea, eta tarteka joaten naiz. Ikusten ditut gaztetxoak pilotan jokatzen, eta ea beste herriko bat ere iristen den profesionaletara.

Zer aholku emango zenieke Ataria Pilota Topaketan parte hartzen ari diren pilotarien adinekoei?

Ez izateko buruan bakarrik irabazteko ideia. Pilotaz disfrutatu dezatela, kirola egin dezatela, eta gero lanaren poderioz iritsiko dira emaitzak. Pilotan ordu asko sartu behar izaten dira, eta frontoira joan daitezela jokatzera, ikastera, eta gero horrek bere fruituak emango dituela.

2016ko sari banaketaren argazkian Maider Mendizabal eta Jokin Altuna daude. Azken honekin agian laster ariko zara lehian.

Ilusioa egin dit argazkia ikusi dudanean, ez nintzen gogoratzen Altuna sari banaketan egon zenik. Alor fisikoa batera entrenatzen dugu, eta erakutsiko diot argazkia, ea zer esaten duen. Ikusiko dugu noiz jokatu dezakegun bere kontra. Horretan saiatuko gara behintzat.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!