Elkarrizketa

«Urte askotako lana izan da eta aitortza jasotzea oso pozgarria da»

Jon Miranda Labaien 2023ko mar. 29a, 07:59

Xabier Artola Zubillagak Kuban eskola hiztegi bat garatzeko lankidetza proiektuan parte hartu du azken 23 urteotan; iaz erretiroa hartu eta gero, egitasmoarekin jarraitzen du lankidetza akademiko figurari atxikita. Kubako gobernuaren aitortza jaso du orain.

Alkizan bizi den Xabier Artola Zubillagari (Donostia, 1957) Carlos Juan Finlay ordena eman diote Kuban. Herrialde hartako Zientzia, Teknologia eta Ingurumen ministerioak ematen duen saria da, bertako eta atzerriko zientzialariei aitortza egiteko. Ixa taldeko kide gisa, Kuban garatu duten eskola hiztegirako azpiegitura konputazionala garatzen jardun du Artolaren lan taldeak.

Pozik Kubako gobernuak egindako aitortzaren ondoren?

Oso pozik gaude. Urte askotako lana izan da eta horrelako aitortza jasotzea oso pozgarria da, dudarik gabe. Santiagoko Hizkuntzalaritza Aplikatuko Zentroak aurkeztu zuen kondekorazio hau jasotzeko gure hautagaitza. XIX. mendeko Carlos Juan Finlay epidemiologo eta medikuaren omenez ematen dituzte eta historia luzea du sariak, 1928an hasi ziren ematen. Kubako ikertzaileei eta kanpotarrei ere ematen zaie. Kasu honetan nazioarteko ikertzaileak lau izan gara.

Noiz eta nola egin zenuten harremana Kubako Hizkuntzalaritza Aplikatuko Zentroarekin?

Santiagoko Hizkuntzalaritza Aplikatuen Zentroak bi urtean behin sinposio bat antolatzen du eta 1999an bi lankidek hartu zuten parte bertan. Une hartan kubatarrak hiztegi batekin ari ziren lanean eta elkarrekin proiektu bat egiteko aukera sortu zen bilkura hartan. Nik bospasei urte lehenago hiztegien gaiaren gaineko tesia egina nuen eta hasieratik prest agertu nintzen proiektu horretan parte hartzeko.

Ixa taldetik zein ekarpen egin duzue eskola hiztegi hori osatzeko?

Guk haiekin harremana egin genuenean, artean lehenengo edizioa argitaratu gabe zegoen, baina nahikoa aurreratua zuten lana. Gure espezialitatea hizkuntzalaritza konputazionala denez, alde informatikoa lantzeko proposamena luzatu genien. Pixkana etorri da azpiegitura zabalagoa eraikitzearena. Lexikografoek lan egin dezaten, edizio ingurune edo aplikazio bat sortu dugu.

Bosgarren edizioa bidean da.

Bai, aurki kaleratuko da. Guk alde informatiboa lantzen jarraitzen dugu hiru euskarritan: online bertsioak egiten ditugu; CD, DVD edota USB memorietarako bertsio eramangarriak prestatzen ditugu; eta paperezkoa izaten da azken bertsioa. Azkeneko argitaralditan paperezko hori bi liburukitan inprimatu izan da.

Zein da hiztegi honen berezitasuna?

Kontuan hartu behar da eskola hiztegi bat dela, eta beraz, ikasle jendearentzat egindakoa dela.  Kontzeptuak esplikatzeko argazki eta bideo asko ditu. Bosgarren edizio honetan sarreren ahoskera ere emango da, hori da berrikuntzetako bat. Bertako hizkuntza ere jasotzen du, kubanismo asko ditu hiztegiak. Eta gero badu, inongo hiztegitan ezagutzen ez dudan ezaugarri bat. Elkarlanean hasi ginenerako hango ikertzaileek egina zuten ikerketa eskoletan eta aztertua zuten zein arazo ortografiko zuten Kubako neska-mutilek. Horretan laguntza berezia ematen du hiztegiak. Bertsio elektroniko guztietan letra problematiko horiek gorriz azaltzen zaizkio ikasleari, kontura dadin hor arazo bat eduki dezakeela.

Zabalkunde handia du hiztegiak Kuban?

Oso ezaguna da. Paperezko bertsioan best-seller bat izan da Kuban. Urteotan 300.000 aletik gora saldu dira eta online bertsioak ere bisita asko jasotzen ditu, ez Kubatik bakarrik baita Latinoamerika eta Espainiatik ere.

Nola gauzatu da da Kubako zentroaren eta Ixa taldearen arteko harremana?

Askotan bidaiatu dut Kubara. Han egonaldi luze xamarrak egin izan ditut eta hango ikertzaileak hona etorri izan dira, baita ere.  Pertsonalki asko ikasi dut,  lan egiteko moduak ezberdinak baititugu. Hala ere, han hemen bezala gauzak aurrera ateratzen dira. Oso esperientzia aberasgarria izan da haiekin elkarlanean aritzea.

Zein da zure egitekoa lan talde honetan?

Urte askotako lankidetza izan da eta urte hauetan fase ezberdinak izan ditugu. Laguntza izan dugu batzuetan Eusko Jaurlaritzatik eta bestetan Espainiako gobernutik. Proiektu konkretu batzuk egon direnean, jende gehiagok parte hartu ahal izan du. Azkeneko urteetan, ordea, ni bakarrik nabil proiektuan. Momentu honetan ez daukagu kanpoko laguntzarik.

Aurrera begira Kubarekin elkarlana gauzatzeko zure lekukoa hartuko du inork?

Buruan dut erreleboarena. Modua bilatu beharko genuke horretarako. Diru laguntzarik gabe ari gara orain eta modu horretara zailagoa da lankidetzari jarraipena ematea. Badago beste arazo bat ere. Guk egin dugun ikerketa proiektua, oso ikerketa aplikatua da. Egungo parametroen arabera horrelako ikerketa aplikatuak ez dira asko baloratzen unibertsitatean, gure arloan behintzat. Hala eta guztiz ere, nik eginahalak egingo ditut proiektu honi jarraipena emateko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!