Elkarrizketa

«Irazustak dotrinan darabilen euskara garai horretan Alkizan egiten zena da»

Jon Miranda Labaien 2022ko uzt. 25a, 11:59

Alkizako Udalak egindako enkarguari erantzunez, irakasle dituen Lurdes Otaegi eta Blanca Urgellek egin zioten Juan Irazustari buruzko liburua idazteko proposamena Olatz Leturiagari (Zarautz, 1996). Eskertuta dago aukera eman diotelako eta egin duen ikerketa lagungarria izango zaio Gipuzkoa erdialdeko euskararen inguruan lantzen ari den doktore tesian sakontzeko. Ostiralean aurkeztu zuten Alkizan bertan Juan Irazusta. Pertsona, garaia eta idazlana liburua.

Zer da liburuan aztertu duzuna?
Juan Irazusta Alkizalete aztertzen saiatu naiz eta pertsona hori, bere garaian kokatzen. 1739an Astete jesuitaren dotrina itzuli zuen euskarara eta XVIII. mendean euskaraz dauden testu gutxi horietako bat da. Lehenengo edizio horren ondotik zabalkunde handia izan zuen dotrinak. 50 berrargitalpen inguru izan zituen.

Irazustak 1739ko dotrina horretan darabilen euskara aztertu duzu.
Lehen saiotxo bat baino ez dut egin. Etorkizunean azterketa sakonago bat egin beharko da, nik azaletik aipatzen dituen zenbait alderditan sakontzeko. Dena den, nik aztertu dudaren arabera, pentsatzekoa da, Irazustak darabilen euskara garai horretan Alkizan egiten zen euskara izango dela.

Zein ereduri jarraituta itzuli zuen Irazustak dotrina?
Aztertu beharreko litzateke garaiko beste idazle batzuk ezagutu ote zituen, zein iturri erabili zituen eta horrek eragina izan ote zuen erabili zuen euskara moldean. Egia da mailegu asko erabiltzen dituela, baina nik Otxoa Arinen lehenagoko testu batekin alderatu dut Irazustarena eta ez dirudi beste autoreak baino erdalzalegoa denik. XVIII. mendeko erdialdera arte, ahozko jardunari baino ez zitzaion lotzen euskara eta gaztelania erabiltzen zen beste funtzio guztietarako. Horregatik, ia eredurik gabe, idatzizko araurik gabe, ia hiztegirik gabe horrelako testu bat euskaratzeko gai izatea, ez da meritu makala.

Hurrengo hamarkadetan, auzitan jarri izan zen Irazustaren euskararen kalitatea. 
Bai. Zabartzat jo izan zuten batzuek. Baina hori ere bere testuinguruan ulertu behar da. Irazustarekin bateratsu badago mugimendu bat, Larramendik gidatuta, euskara goi mailara eramateko bokazioa duena. Idatzizko euskarak nolakoa behar duen finkatzen joaten da ordutik aurrera, nagusiki Larramendik berak idatzitako gramatika eta hiztegiei esker. Ez dirudi, nahiz eta Larramendiren adinkidea izan, Irazusta joera edo ideia horrekin lotu daitekeenik, edo ez behintzat, beste batzuk adina. Gipuzkera arautu eta jaso hori finkatzen joan zen mugimenduarekin batera hedatutako uste eta ideiekin lotu behar da zenbaitzuek zalantzan jarri izana Irazustak erabilitako euskararen kalitatea eta garbitasuna.

Eskuragarri al dago Irazustak itzuli zuen dotrina?
Bai. Lehenengo edizioetako bat Loiolako Euskal Liburutegian dago. Hango arduradun Olatz Berasategiri esker, han daukaten aleari argazkiak atera nizkion eta liburuaren azkeneko partean jarri ditut jendeak dotrina osorik irakurri ahal izan dezan. Berrargitalpen asko izan ditu dotrinak, 32 argitalpen, gutxienez, badaude Lazkaoko Beneditarren Liburutegian. Urteetan aurrera egin ahala, euskara molde berrietara egokituago topatzen dugu.

Ia gaurdaino iritsi da. 
Bai. Pello Joxe Aranburu alkizarrak bere liburuetako batean kontatzen du berak txikitan buruz ikasi zuela Asteteren dotrina, Irazustaren itzulpenean, jakin gabe herriko zuela Irazusta hura. Alkizar askorentzat ezezaguna izan da orain arte herriko seme hau eta liburuarekin bere pertsona, garaia eta idazlana gerturatu nahi izan dizkiogu jendeari. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!