Gorazarre egin diote Juan Irazustari bere jaioterrian

Jon Miranda Labaien 2022ko uzt. 23a, 11:59

Bere heriotzaren 250. urteurrena gogoan hartuta, omenaldi ekitaldiak egin dituzte Alkizan. Irazustaren jaiotetxean plaka bistarazi, bere inguruko erakusketa inauguratu eta liburu bat aurkeztu dute.

Juan Irazusta Alkizalete apaiz eta idazlea (Alkiza, 1688-1772) omendu dute jaioterrian bere heriotzaren 250. urteurrenean. Alkizako Udalak plaka bistarazi du Irazustaren jaiotetxea izan zen Mendiko etxean eta Fagus Alkiza interpretazio zentroan herriko idazle eta apaizari buruzko erakusketa inauguratu du. Olatz Leturiaga Euskal Filologia eta Hizkuntzalaritzan doktoregaia denak prestatu duen Juan Irazusta. Pertsona, garaia eta idazlana liburua ere aurkeztu dute urteurrena ospatzeko ekitaldien barruan. Inaki Irazabalbeitiak omenaldia posible egin duten erakundeen laguntza eskertu du eta bereziki gogoan izan du, Pello Joxe Aranburu herritarra. Hainbeste urtetan herriko historia ikertu izana eskertu dio Aranbururi herriko alkateak. "Pello Joxeri esker jakin genuen, besteak beste, Irazusta alkizarra zela".

Fagus Alkiza interpretazio zentroan jarri dute Juan Irazustari buruzko erakusketa, irail erdira arte ikusgai izango dena. Idazlea nor zen eta bere garaia nolakoa izan zen azaltzen da bertan, Alkizari berari buruzko hainbat argibide ematearekin batera. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Hizkuntza Berdintasunerako sailaren laguntzari esker osatu ahal izan da erakusketa eta saileko zuzendari Garbiñe Mendizabalek hartu du hitza erakusketaren inaugurazio ekitaldian: "XVIII. mendean, herri honetako seme bati bururatu zitzaion garai hartako best seller bat euskarara ekarri eta Iruñean argitaratzea". Irazustak horretarako izan zitzakeen motibazioen inguruan aritu da Mendizabal: "Izan zitekeen arrazoi identitarioengatik; abertzale batek bere hizkuntzari eusteko duen gogo hori izan zezakeen Irazustak, baina ez dakigu benetan horrela ote zen. Motibazio instrumentala ere izan zezakeen dotrina euskaratzerako orduan. Elizak behar zituen jarraitzaileak, eta jarraitzaile horiek ez zekiten euskara beste hizkuntzarik. Jende xehearengana iristeko bidea zen dotrina gure hizkuntzara ekartzea".

"XVIII. mendean, herri honetako seme bati bururatu zitzaion garai hartako 'best seller' bat euskarara ekarri eta Iruñean argitaratzea"
GARBIÑE MENDIZABAL . Hizkuntza Berdintasunerako zuzendaria

Herri txikien dohainak ere gogoratu ditu Hizkuntza Berdintasunerako zuzendariak. "Demostratuta geratzen da herri txikiek ere ematen dituztela pertsona ilustreak". Eskertu du udalak egin duen ahalegina, pertsonaia horiek aldarrikatzeko eta ezagutarazteko. "Gipuzkoaren lurralde orekari eusteko, herri txikiak bizirik behar ditugu. Hori udalei eta herritarrei esker gertatuko da". Mendizabalek animoak eman dizkie alkizarrei bide horretan segi dezaten.

Alkizako Udalaren enkarguz, Olatz Leturiagak idatzi du Juan Irazusta. Pertsona, garaia eta idazlana liburua. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak argitaratu du lana eta Alkizan izan da Bingen Zupiria sailburua. "Olatz zoriondu nahi dut egin duen lanagatik, iruzkin eta zitaz betea dago idatzi duen liburua. Esaten dituen gauzak beste batzuek egindako ikerketan oinarrituak dira". Irazustak erabiltzen zuen euskara eztabaidagai izan dela aipatu du sailburuak: "Uste dut perspektibarekin, esan dezakegula euskararik hoberena erabiltzen dena dela, erdarakadaz betea egon arren. Garai hauetarako ere izan daiteke ikaskizun bat, irakaspen bat edo lezio bat".

"Uste dut prespektibarekin esan dezakegula euskararik hoberena erabiltzen dena dela, erdarakadaz betea egon arren"
BINGEN ZUPIRIA. Kultura sailburua

Juan Irazusta omentzeko ekitaldietan parte hartu du Euskaltzaindiak. Uztaileko osoko bilkura egin du akademiak Alkizako eskolan eta liburuaren aurkezpen ekitaldian parte hartu du Andres Urrutia euskaltzainburuak. Irazustak euskarara itzuli zuen dotrinak izan zituen berrargitalpenak hartu ditu gogoan Urrutiak: "Herri xehearekin euskaraz aritzeko lanabes ezin hobeak ziren dotrinak. Jende askorentzat horixe zen bide bakarra euskarazko testu idatzi bat ikusteko".  XVIII. mendean hizkuntza transmititzeko bideak gisa honetako liburuak itzultzea zela aipatu du euskaltzainburuak eta horregatik horrelako ekitaldien garrantzia azpimarratu du. "Harro egon behar dugu. Txikitasunean ere, horrek esan nahi du euskara zela maila arruntean herri honetan presente zegoen hizkuntza". Irazustak meritu izugarria zuela esan du Urrutiak, "lan bizia eta erabilgarria izan zen egin zuena".

"Jende askorentzat horixe zen bide bakarra euskarazko testu idatzi bat ikusteko"
ANDRES URRUTIA. Euskaltzainburua

Leturiagak Juan Irazusta. Pertsona, garaia eta idazlana liburuaren inguruko azalpenak eman ditu aurkezpen ekitaldian eta argitalpen hau osatzeko jaso duen laguntza eskertu du. Besteak beste, Lurdes Otaegi eta Blanca Urgell irakasleei esker ona adierazi die, liburua idazteko beregan pentsatzeagatik eta idazketa prozesuan bi irakasleek eman dizkioten aholkuengatik. Liburua aipuz eta erreferentziaz josita dagoela aipatu du Leturiagak eta horietako asko, batez ere Irazusta pertsonari buruzkoak, Pello Joxe Aranburuk argitaratutako lanetatik jasotakoak direla aitortu du. Egindako lan guzti hori eskertu dio filologoak Aranbururi.

"Garai hartako testuinguruan ulertu behar da lan hori. Eredurik gabe, gramatika eta hiztegirik gabe, horrelako lan bat euskaraz egiteko gai izatea ez da gutxi"
OLATZ LETURIAGA. Euskal Filologian doktoregaia

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!