Hil zeneko 250. urteurrenean, jaioterrian omenduko dute Juan Irazusta Alkizalete apaiz eta idazlea (Alkiza, 1688-1772). Gaur herrian egingo dituzten ekitaldiekin herriak eman duen “izar” horietako bat ahanzturatik atera nahi dutela kontatu du Inaki Irazabalbeitia alkateak: “Urteurrena aitzakia egokia da idazle honen irudia purgatoriotik atera eta haren sona XXI. mendera ekartzeko”. Besteak beste, Irazustak 1739an euskarara itzuli zuen doktrinak arrakasta handia izan zuen.
Goizean, Euskaltzaindiak batzarra egingo du Alkizako eskolan, eta, bilera bukatuta, Irazustaren jaiotetxean, Mendiko-etxean, plaka bat bistaraziko dute. Arratsalderako gorde dituzte beste ekitaldiak: Fagus Alkiza interpretazio zentroan Irazustari eta haren garaiari buruzko erakusketa bat zabalduko dute, bostetan. Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako Zuzendaritzaren babesa du. Handik ordu erdi batera, elizan, Juan Irazusta. Pertsona, garaia eta idazlana liburua aurkeztuko dute, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak argitaratua. Ekitaldian parte hartuko du Olatz Leturiaga Angoitia liburuaren egileak (Zarautz, 1996).
Euskal Filologia eta Hizkuntzalaritzan, Gipuzkoa erdialdeko euskararen inguruan doktore tesia prestatzen ari da Leturiaga, ikuspuntu historiko-dialektologikotik. Tesiaren corpusaren barruan dago Irazustak 1739an euskarara itzulitako Gaspar Astete jesuitaren dotrina. XVIII. mendeko Gipuzkoako euskararen lekukotasun gutxi horietako bat da Irazustak euskarara itzuli zuen dotrina, alkizarrak argitaratu zuen idazlan bakarra. “Garai hartako testuinguruan ulertu behar da lan hori. Eredurik gabe, gramatika eta hiztegirik gabe, horrelako lan bat euskaraz egiteko gai izatea ez da gutxi”, esan du Leturiagak.
Irazustaren 1739ko testuko euskara aztertzeko lehen saio bat egin du Leturiagak Juan Irazusta. Pertsona, garaia eta idazlana liburuan. Argi utzi nahi izan du etorkizunean azterketa sakonago bat egin beharko dela, lan horretan azaletik aipatzen dituen zenbait alderditan sakontzeko. “Beste daturik agertu ezean, pentsatzekoa da XVIII. mendean Alkiza inguruan egiten zen euskara dela Irazustaren itzulpenean islatzen dena”. Liburuaren atal batean oharrak egin ditu egileak, alkizarrak erabilitako euskararen kalitateaz eta erdarekiko loturaz: “Ona edo txarra den ez dakit esaten. Egia da mailegu asko erabiltzen dituela. Liburuan Otxoa Arinen testu batekin alderatu dut Irazustaren dotrina, eta nire ondorioa da Irazusta ez dela garai hartako beste idazleak baino erdalzaleagoa”.
Euskararen kalitateaz
1739ko doktrinan darabilen euskara “txarra” den ustea zabaldua egon da, ordea, ia gaur egun arte. “Agian, horregatik, ez zaio orain arte behar bezainbesteko aitortzarik egin Irazustari “, dio Leturiagak. Testuinguruaren garrantziaz hitz egin du egileak, eta aipatu du paradigma aldaketa baten erdian kokatu behar dela alkizarrak itzulitako dotrina: “Manuel Larramendi garaikidea zuen Irazustak, eta Larramendik abiatu zuen ordura arte ahozkotasunera eta eremu informalera mugatuta zegoen euskara beste arlo batzuetara zabaltzeko mugimendua”. Leturiagaren esanetan, Larramendiren gidaritzapean aldaketa bat izan zen idazketan, eta haren gramatika eta hiztegia mugarri izan ziren eredu berria finkatzen hasteko. Irazustaren testua lehenagokoa da. “Eta ez dirudi, behintzat, beste batzuk adina lotu zenik mugimendu horretara. Larramendiren ondorengoek hedatutako uste eta ideiekin lotu behar dira XVIII. eta XIX. mendeko batzuek zalantzan jarri izana Irazustak erabilitako euskararen kalitatea eta garbitasuna”.
Kritikak kritika, Leturiagaren esanetan, itzulpenak oihartzun handia izan zuen garai hartako Gipuzkoako apaizen doktrinen erabileran. Horren isla da hurrengo urteetan izan zuen berrargitalpenen kopurua: dotrinaren 32 argitalpen, gutxienez, badaude Lazkaoko Beneditarren Liburutegian. “Zenbat eta edizio berriagoa izan, orduan eta aldaketa gehiago antzematen dira; edizio berriagoak txukunduta eta literatur gipuzkera horretara moldatuta ageri dira”. Horregatik, 1739ko argitalpenak interes berezia du, filologoaren hitzetan: “Baliagarri zaigu literatura hizkuntzak izandako bilakaeraz gehiago jakiteko”. Loiolako (Azpeitia) Euskal Liburutegian dago Irazustak itzulitako doktrinaren lehendabiziko aleetako bat. Leturiagak ale horri ateratako argazkiak jaso ditu liburuaren azkeneko partean.
Itzal luzea izan du Irazustak Alkizan, nahiz eta herritar askok jakin ez. Pello Joxe Aranburu alkizarrak bere lanetako batean aitortua du: “Bi mendean zehar, ia Gipuzkoa osoko milaka haurrek buruz ikasi genuen dotrina hori; ez genekien alkizar batek prestatua zenik”. Gaurko omenaldi ekitaldiarekin eta irail erdialdera arte ikusgai izango den erakusketarekin, Juan Irazustaren irudia hurbilduko diete herritarrei.