Herriko ikazkinei omenaldia egingo diete Alkizan

Tolosaldeko Ataria 2022ko mar. 19a, 07:56

Martxoaren 26an 'Memoria itzali ez dadin' izenburupean egingo dute ekitaldia, "mendez-mende lanean aritu diren herritar guztiei esker ona adierazteko".

Alkizako Udalak omenaldia egingo die garai batean ikazkin lanetan aritu ziren herritarrei. Ekitaldia martxoaren 26an egingo dute.

Hasteko, Alkizako basoetan barna ibilbide gidatua egingo dute Valentin Mugartza, Aizkorri-Aratz parkeko zuzendariarekin. Bidean naturaz gozatzeaz gainera, ikazkinen ofizioa eta zuhaitz lepatuen mundua hobeto ezagutzeko aukera izango dute parte hartzaileek. Parte hartzea doakoa izango da, baina, aurretik izena eman beharko da horretarako mezu bat bidalita, kultura@alkiza.eus helbidera edo 688 604 466 zenbakira.

Ibilbide gidatua Alkizako plazan amaituko da. Bertan, garai batean ikazkin lanetan aritu ziren hainbat herritarrekin solasean aritzeko tartea hartuko dute. Ogibide gogor hori nola bizi izan zuten ezagutzeko aukera izango da, protagonisten testigantzak entzunez. Eguerdian, berriz,  Alkizako Udalak omenaldia egingo die txondorgileei. Udal ordezkarien hitzez gainera, Anjel Mari Peñagarikano bertsolariaren ahotsa ere presente egongo da.

Omenaldia amaitzeko, Mikel Garaizabal somelierraren gidaritzapean, ardo, sagardo eta gazta dastaketa egingo dute plazan bertan. Dastaketan parte hartzeko 5 euro  ordaindu beharko dira momentuan bertan, baina beharrezkoa izango da aurrez izena ematea. Horretarako mezu bat bidali beharko da kultura@alkiza.eus helbidera edo 688 604 466 zenbakira.

Udalak jakinarazi duenez goiz osoan zehar Ikiliko txondorra erakusketa ikusi ahal izango da Zimiterioan. Alkizako Itxurain Elkarteak 2009an Ikili baserriaren ondoan egin zuen txondorrari buruzko liburua kaleratu zuen. Xabier Artola Zubillaga Artzubik egindako argazkiekin osatu zen liburua eta argazki horiek ikusgai izango dira martxoaren 26an.

Alkizako Udalak ekimen honen bidez, esker ona adierazi nahi die Alkizako basoetan mendez-mende lanean aritu diren herritar guztiei. "Zenbait ogibide galtzen joan badira ere ez dugu euren memoria itzaltzerik nahi", adierazi dute udal ordezkariek. 

  • 10:00. Ikazkinen lana ezagutzeko ibilbide gidatua plazatik abiatuta. Izena eman beharko da.
  • 10:00 - 13:00. Ikiliko txondorra erakusketa Zimiterioan.
  • 11:30. Garai bateko ikazkinekin solasaldia plazan.
  • 12:30. Omenaldia herriko ikazkinei.
  • 13:00. Ardo, sagardo eta gazta dastaketa komentatua, Mikel Garaizabal somelierrarekin plazan. Izena eman behar da. Gutxieneko taldea osatu behar da eta aforo mugatua da. Bost euro ordaindu behar dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!