Fagus Alkiza interpretazio zentroan martxoaren 31ra arte ikusgai da Emakume anitzen eguneroko borrokak erakusketa, Cristina Chiquin Rodriguez kazetari eta ekintzailearen argazkiez osatutakoa da. Lagun Artean erakundearen eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren bitartez ekarri dute Alkizara.
Beraien eskubideen alde borroka egiten duten emakumeen errealitatea erakusten duten argazkiak dira ikusgai daudenak. Askotariko emakumeak dira: indigenak, maiak eta mestizoak. «Emakume hauek borrokaren bitartez aldarrikatzen dituzten egunero urratzen zaizkien eskubideak», esan du egileak. Abortua, genero identitatea, sexu berekoen arteko ezkontzak eta heziketa sexuala bezalako gaiak agertzen dira, Guatemalan emakumeek egunero bizitzen dituzten desberdintasun sozialen erakusgarri.