M8 Emakumeen Nazioarteko Eguna 2022

«Begirada ez-hegemoniko bat eman nahi dut argazkiekin»

Ataria 2022ko mar. 7a, 12:08

Cristina Chiquin Rodriguez 'Emakume anitzen eguneroko borrokak' argazki erakusketaren egilea da. Guatemalan beraien eskubideen alde borroka egiten duten emakumeen aurpegia erakusten dute argazki hauek.

2019an erakusketaren inaugurazioaren harira Euskal Herrian izan zen Cristina Chiquin Rodriguez (Guatemala Hiria, Guatemala, 1983). Bere herrialdeko emakumeek bizi duten egoeraren berri eman nahi du bere argazkien bitartez.

Zer ibilbide egin duzu fotokazetaritzaren munduan?

12 urte daramatzat fotokazetaritzan. Beti ibili izan naiz komunikazio alternatiboaren munduan, baina 2013an argazkilaritzan aritzeari ekin nion. Beti gustatu izan zait argazkilaritza, uste dut tresna bat dela istorioak kontatzeko eta nire herrialdean eta munduan gertatzen denaren lekuko izateko. Nire helburuetako bat emakumeek nire herrialdean eta beste lurralde batzuetan daramaten borroka erakustea da.

Zein da erakusketa honen jatorria?

Gerran zehar bizi izan zuten indarkeriagatik justizia bilatzen ari diren emakumeen borroka erakusteko helburuarekin sortu da, genozidio eta sexu-indarkeria kasuak eta baita egungo indarkeria erakusteko ere. Lagun Artean elkarteak babestu zuen erakusketa, eta asmo nagusia justizia bilatzeko emakume guatemalarrek duten indarra erakustea da.

Zer indarkeria mota pilatzen da Guatemalako emakumeen gorputzean?

Uste dut indarkeria mota guztiak antzeman daitezkeela: diskriminazioa eta arrazakeria, indarkeria fisikoa, psikologikoa eta sexuala, baita ekonomikoa ere.

Erakusketan agertzen diren emakumeak eguneroko zereginetan agertzen dira argazkietako batzuetan...

Lan honek Guatemalako emakumeen aniztasuna azpimarratzen du. Egunerokotasunean emakume asko justiziaren bila ari dira eta bizitzaren eta beren gorputz eta komunitateen aldeko borrokan jarduten dute.

Beren eskubideen aldeko protestan ere agertzen dira emakume horietako asko. Zein egoeratan dago Guatemalako borroka feminista?

Guatemalan, zoritxarrez, emakumeen aurkako indarkeria sexuala eta indarkeria eguneroko kontua da. Eraildako edo desagertutako emakumeak daude egunero, eta gertatzen dena erakusteko borroka feminista garrantzitsua eta beharrezkoa dela uste dut. Benetako feminizidioa gertatzen ari da.

Emakumeek justiziaren alde daramaten prozesu horietakoren bat nabarmendu nahi al duzu?

Esan dezakegu memoriaren aldeko borroka garrantzitsua dela Guatemalan. Emakume asko gerra bizi izandakoak dira eta horrelakoetan emakumeen gorputzekin tematzen dira gehien. Bakea sinatu arren, gerra egoerak bere horretan dirau eta garai hura ezagutu zutenen emakumeen testigantza garrantzitsua da hurrengo belaunaldietako emakumeentzat.

Noiz atera zenituen orain Alkizan ikusgai diren argazkiak?

Bederatzi urteko dokumentazio aldi baten emaitza da erakusketa. Efrain Rios Montt diktadore ohiaren eskuetan Ixil komunitateko emakumeek 80ko hamarkadan bizi izan zuten genozidioa erakusteko saiakera egin dut. Ixil herrian borroka honek jarraitzen du gaur egun. Q'eqchi' komunitatearen borroka ere islatzen dut, Guatemalako armadak eta autodefentsa zibileko patruilariek 80ko hamarkadan bertako emakumeen aurka praktikatutako sexu-indarkeriaren eta etxeko esklabotza erakusten ditut. Halaber, behartutako desagertze kasu batzuk ere agertzen dira erakusketan.

Dena den, 2017an martxoaren 8an erre zituzten 56 nesken kasua azpimarratu nahi nuke; gobernuaren etxe seguru batean zeuden babestuta etxean indarkeria eta sexu abusua jasateagatik, eta haiek zaintzen egon behar zuten ere, horren ordez, bortxatu egin zituzten. Horietako 42 hil egin zituzten. Gehienak 10 et a17 urte arteko emakumeak ziren.

'La busqueda' liburua ere argitaratu duzu. Zer ikus daiteke argitalpen honetan?

Egunotan Alkizan dagoen erakusketan ikusten den gauza bera erakusten du liburuak. Erakusketan 20 argazki daude eta liburuan, berriz, 40 inguru dira. Horretaz gain, justiziaren aldeko borrokan parte hartzen ari diren emakumeek idazten dute: irakasleak dira horietako batzuk, justiziaren aldeko borrokan ari direnak beste batzuk, baita biktimak eta biziraun duten emakumeak ere.

Ba al dago Guatemalan fotokazetaritza egiteko baldintza egokirik?

Guatemalan beste hainbat herrialdetan gertatzen den bezala, ez dago baldintza egokirik fotokazetaritza egiteko, ez delako behar bezala aitortzen den lana. Baina gure testuinguruan emakume izateak oraindik ere gehiago zailtzen du kazetaritza lana, eta bereziki fotokazetaritza. Maskulinizatutako lanbide bat izan da eta bakarrik gizonezkoek egin dezaketela uste izan da. Urte luzeetan asko mugatu da adierazpen askatasuna nire herrialdean eta horregatik erronka bat da niretzat lan hau egitea. Begirada ez-hegemoniko bat eman nahi dut argazkiekin. Emakumeen askotariko begirada ematea garrantzitsua dela uste dut.

Lagun Artean GKEari esker eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren bitartez etorri da erakusketa Euskal Herrira. Nola sortu zen erakunde horiekin lankidetzan aritzeko aukera?

Uste dut Euskal Herrian badagoela beste herrialde batzuetan gertatzen ari dena ikusteko premia. Nire ustez, herrien elkartasuna eta enpatia dago elkarlan honen oinarrian. Lagun Artean erakundetik nirekin harremanetan jarri ziren bizitzaren, lurraldearen eta memoriaren alde nire herrialdean emakumeek daramaten borroka erakusteko. Uste dut hemengo emakumeek gertutasunez bizi dutela hori, azken batean hemen ere hainbat borroka daramazuelako. Ez da herrien arteko elkartasuna bakarrik, badago beharra beste errealitate eta prozesu batzuk ezagutzeko. Erakusketan agertzen diren emakume horiei bueltan doakie egin duten ahalegin hori guztia; ahizpatasun eta komunitateen arteko babesaren emaitza da elkarlana.

Zer ibilbide egin du erakusketak Alkizara iritsi aurretik?

Erakusketa 2018an inauguratu zen, eta orduz geroztik hainbat ikastetxetan, hainbat kultur zentrotan ibili da Euskal Herrian eta baita Guatemalan ere; 2021ean beste erakusketa bat antolatzea espero dugu emakumeen desagertze kasuen berri emateko. Bakea sinatu ondoren ere femizidioak jarraitzen dute Guatemalan, continium bat da. 2021ean 400 emakume inguru erail zituzten. Gustatuko litzaiguke erakustea emakumeak direla justizia bila ari direnak, biolentzia eta zapalketa historia hau aldatzen saiatzen ari direnak.

Izan al zara inoiz Euskal Herrian?

Erakusketaren inaugurazioan izan nintzen 2019an eta oso ondo hartu ninduten. Pertsona desberdinekin partekatu ahal izan nuen, eta Lagun Artean elkarteko lankideek oso harrera ona egin zidaten. Era berean, justizia bila ari diren beste emakume batzuk ezagutu ahal izan nituen, baita emakumeen giza eskubideen eta eskubideen alde borrokatzen ari direnak ere. Esperientzia ona izan zen eta oso eskertuta nago. Nire herrialdeko beste hainbat emakumerekin egoteko aukera izan nuen, arrazoi bategatik edo besteagatik Euskal Herrira etorritakoak. Ni migrantea izan naizenez errealitatea hori ezagutu eta testigantza horiek jasotzea oso aberatsa izan zen. Nire ustez, garrantzitsua da trukaketa hori, eta oso une garrantzitsua izan zen nire bizitzan Euskal Herrira egindako bisita.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!