Ipuin bat sortzea helburu

Jon Miranda Labaien 2021ko urr. 14a, 07:59

Ione Larrago ilustratzailea Alkizan da Sormenaren Kabia bekari esker; txepetx bat protagonista duen ipuin ilustratua sortuko du egonaldi artistikoan

Txepetx batek amets baten bila egiten duen bidaia kontatuko duen ipuin ilustratua sortuko du Ione Larrañaga Gorritxok (Antzuola, 1993) Sormenaren Kabia bekari esker. Alkizan hiru astez egingo duen egonaldian ipuin ilustratu bat sortuko du eta abenduaren 17an erakutsiko du jendaurrean, Alkizan bertan egingo den ekitaldian.

Natura, denbora eta gizakiak sortzen duten hiruki horren bueltan egin izan ditu bere lanak Ione Larragok hori da sortzaile gisa erabiltzen duen izena. «Nire lanetan gehienetan denborarekin zerikusia duten elementuak hartzen ditut gaitzat; izan daiteke iragankortasuna, ziklikotasuna, bizitza edota heriotza bera. Natura erabiltzen dut hori adierazteko, hor ikusten delako errazen denboraren joana», aipatu du Larrañagak. Toki ezin aproposagoa du Alkiza kontu horiei erreparatzeko: «Hemen sentitzen duzu naturaz inguratuta zaudela. Liburutegiko leihotik begiratu eta paisaia etengabe nola aldatzen den ikusten duzu. Ni hemen geldi eta kanpoan dena dago mugimenduan. Gainera hori nabarmenagoa da urte sasoi honetan, udazkenean. Liluratu egiten nau guzti horrek».

Arte Ederretan graduatu zen Madrilgo UCM unibertsitatean eta Ingalaterran bolada bat eman ondoren, Bartzelonan eman ditu azkeneko urteak, iaz Euskal Herrira bueltatzea erabaki zuen arte. «Hiri handi batean bizitzerakoan dena doa abiadura handian eta han ia tarterik ez duzu izaten sorkuntzarako. Bizimodua atera behar duzu eta Bartzelona hiri prekarioa da horretarako». Euskal Herrira bueltatu eta bere sustraiekin berraurkitu dela dio ilustratzaileak. «Hainbeste urtetan bide bat bilatzen aritu ostean, orain ikusi dut argi eta igartzen dut, gainera, bide horren hasieran nagoela». Gurasoekin batera jardun erdiz aritzen da nekazaritza ekologikoan eta egunaren beste partea sorkuntzan ematen du.

SORKUNTZARAKO PAUSOAK

Larrañagak Alkizan eman dituen lehenengo egunak antolaketarako baliatu ditu. Ipuinak izango dituen atalak pentsatu ditu, storyboard-a. «Marrazkiak non joango diren, zein hutsune egongo diren, testuak zein forma hartuko duen antolatu dut, nahiz eta gero prozesuan dena aldatzen joan daitekeen». Testua berak sortutakoa dela dio artista antzuolarrak, nahiz eta ez den idazlea: «Gauza bitxia gertatzen zait, burura lehenago etortzen zaizkit irudiak testua bera baino».

Marrazkiak paperean eta arkatzez egiten ditu. «Testura gustatzen zait eta bozetoak beti hor egiten ditut. Orrian behin eta berriro aritzea, zikintzea, gauzak tokiz aldatzea, elementuak ezabatzea eta ezabatu ondoren geratzen den arrasto hori gustatzen zait. Gero nire ilustrazioak oso garbi ikusten dira, eta ez da antzematen atzean dagoen mugimendu hori guztia». Paperean egindako hori digitalizatu ondoren, ordenagailuan lantzen ditu lehenengo marrazkiak, garbitu eta koloreztatu egiten ditu. Larrañagak dio koloreek garrantzia handia dutela bere lanean: «Asko errepikatzen dira urdinak eta berdeak eta eroso aritzen naiz tonalitate horietan; ez dakit kolore berriekin esperimentatzeko abagunerik egokiena ote den lan hau. Antolaketa, marrazkiak berak eta testua pentsatuta daukadan bezala, kolorearena ez daukat oraindik erabat erabakita».

Azkeneko ukituak eman ondoren egonaldia bukatzerako ipuin ilustratua prest edukitzea espero du artistak. Printzipioz, 32 orrikoa izango da baina 40 orrira luzatzeko aukera ere buruan du. Behin lana amaituta ikusiko du zein aukera dituen ipuin ilustratua argitaratzeko. «Gustatuko litzaidake kaleratzea, ea norbaitek argitaratu nahi duen. Autoedizioarena aukera bat da, baina saltsa handia izaten da hori».

Ipuina argitaratzeko ametsa du Larrañagak eta amets baten bila txepetx batek egiten duen bidaia kontatuko du liburu ilustratuak: «Adierazi nahi dut ez duzula zertan ametsak bete behar pozik egoteko. Bidean disfrutatu dezakezu eta asko ikasi. Gelditu gaitezen egiten dugunarekin eta ez lortzen ez dugunarekin». Ipuinaren bitartez mezu hori helarazten saiatuko da eta 7-8 urteko gaztetxoentzat egokia izan daitekeela pentsatzen du. Alkizako eskolako umeekin tailer bat egiteko asmoa ere badu egunotan, haiei ipuin baten sorkuntza prozesua azaltzeko.

Larrañagak egunerokoan sormenerako hartzen ez duen tartea hartuko du Alkizan. Patxada hori hartzea pribilegioa dela esan eta aukera hau eman izana eskertu du. «Bestelakoetan proiektu pertsonalagoetan aritzen naiz eta askotan enkarguei erantzun behar izaten diet. Oraingo honetan niretik sortutako zerbait izango da». Ilustratzaile gisa egin dituen lanak ikusgai ditu Instagramen eta Facebooken Ione Larrago izenarekin eta Ionelarrago.eus webgunean.

Ilustrazioaren eremuan egin ditu lanik gehienak baina muralgintzan ere badabil, herrian, Oier Peña lagunarekin. «Pozik nago, oso gustura, aukera geroz eta gehiago sortzen ari zaizkidalako». Azoka eta erakusketetan ere parte hartu du eta orain bere lehen ipuin ilustratua egiteko aukera izango du Sormenaren Kabia bekari esker. Emaitza datorren abenduan ikusgai eta irakurgai izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!