Beste askoren artean (adimen artifiziala eta robotika, esku-hartze genetikoa, …), oraindik pairatzen gauden COVID pandemia eta klimaren larrialdia bereizi ditzakegu, ezin ukatuzkoa duten larritasun eta gaurkotasun nabarmenagatik bederen. Baina bi ezaugarri horiez gain, batere originalak ez diren adibide hauek aukeratzeko beste arrazoi bat ere badago: aukera paregabea ari digutelako ematen zientzia martxan ikusteko (science in action). Jendaurrean eta eztabaida publikoan inoiz baino gehiago zientziaren ezaugarriei buruz hausnartzen ari garelako. Zientziak (eta teknikak) gizartean eta gugan duen edo izan dezakeen eragina zuzenean nozitzen eta aldi berean aztertzen ari garelako. Eta, azkena baina ez garrantzi gutxiagokoa, zientzialariek edo adituek esaten eta aholkatzen dutenaren aurrean jarreraren bat hartu behar izan dugulako (neurri batean bederen). Ia inor salbu geratu gabe. Bazter geratu ezin: «Ez dakit», «Ez daukat iritzirik», «Ez dagokit» gisako irtenbide ohikorik gabe. Okerrago gainera, entzuten ditugun ahotsak, ustez behintzat, ugariak eta askotarikoak omen direnean, kontrajarriak ere batzuetan. Nori entzun? Nortaz fidatu? Nori sinistu? Zertan datza gai hauetan pentsamendu kritikoa izatea?
Kinka honetan lagundu ahal diguna, hain zuzen ere, kultura zientifikoa da. Eta zer da, bada, kultura zientifikoa? Zientzia arlo ezberdinetako teoria edo eduki asko ezagutzea? Fisika, Biologia, Soziologia, Psikologia eta abar menderatzea? Jakina, posible den neurrian, hori ere. Baina ez hori derrigorrez eta ezta hori nagusiki ere. Guztiok lortu eta garatu dezakegun kultura zientifiko oinarrizkoa zientziak nola funtzionatzen duen jakitea da, zientziak esaten duena nola arrazoitzen duen jakitea, zientziak proposatzen dituen hipotesiak nola ebaluatzen dituen jakitea. Beraz, kultura zientifikoa, ezagutza zientifikoa nola eskuratzen den eta nola neurtzen den ulertzean datza. Laburbilduz: justifikazioa eta izaera kolektiboa. Hau da zientzien baieztapen orok neurriko justifikazio egiaztagarri eta esplizitu bat erakutsi behar du eta horien onarpena eta balioa adostasun zabala sortzen duen prozesu kolektibo baten emaitza da.
Horregatik hartu dezakegu aintzat lehenik zientziak dioena eta ez ordea neurri berean beste iturri batzuek diotena.
Baliabidea: Zientzia Kultura Masterra (https://scientia.eus/eu/aurkezpena/ ).