"Zeruaren azalpen batzuk ematen saiatuko gara Alkizan"

Tolosaldeko Ataria 2021ko ira. 14a, 12:36

Virginia Garcia Aranzadi zientzia elkarteko Astronomia saileko zuzendaria da. Ostiralean Alkizan izango da, 19:30ean hilerri ondoko informazio gunean eta 21:00etan gaueko behaketa egiten. Ataria Irratian eman ditu ekitaldiko xehetasunak Garciak.

Aranzadi zientzia elkarteko Astronomia saileko zuzendariak planisferio bat zer den eta nola erabili behar den erakutsiko du Alkizan datorren ostiralean antolatutako saioan.

Zer da planisferio bat?

Planisferio bat zeruko mapa bat da. Bertan azaltzen da zeruan ikusi dezakegun gehiena. Ilargia eta planetak ez dira bertan agertzen, mugimendu propioa daukatelako. Kontua da zeruko mapak nahikoa bereziak direla, kontuan hartu behar baitugu planeta batean gaudela eta mugimenduan gaudela. Planeta non kokatuta egon, horren arabera aldatuko da zeruan ikusiko duguna.

Erraza al da erabiltzen?

Bai. Mapari eguna eta ordua adierazi behar zaizkio eta orduan erakusten digu zeruan une horretan ikus dezakeguna. Erabilera sinplea da. Egia da, ohituta ez dagoen jendeak aldi berean informazio gehiegi jasotzen ari denaren irudipena izan dezakeela. Guk zeruaren mekanika hobeto ulertzeko azalpenak emango ditugu ostiraleko saioan. Konstelazioak zer diren eta astronomian zertarako erabiltzen ditugun azalduko dugu eta planisferioa bera nola erabili esplikatuko dugu. Helburua ez da konstelazio guztiak egun batean ikastea. Oskarbi dagoenean, gora begiratu eta poliki-poliki zerua ezagutzen hasteko gidalerro batzuk eman nahi ditugu. Astronomiak duen gauza ederrenetakoa da geroz eta gehiago ikasi orduan konturatzen zarela zeinen gutxi dakizun zeruan dagoenaz.

Ezjakintasun handia sumatzen duzue gaiaren inguruan?

Dezentekoa. Ez da ezjakintasuna bakarrik, askotan astronomia eta astrologia nahasten dira eta hori guretzat larria da.

Behar bati erantzuten dio euskal planisferioak?

Bai. Guk dakigula behintzat euskarazko lehenengoa da. Planisferioa astronomian asko erabiltzen den tresna bat da eta guk saioak antolatu ditugunean erabili dugun materiala beti izan da erdarazkoa. Beharra ikusten genuen euskarazko planisferio bat sortzeko eta behin saltsa horretan sartuta, hemen kokatutakoa egitea erabaki genuen. Normalean hemen erabiltzen ditugun planisferioak 40 latitudekoak dira. Gure planisferioa egiten hasita, hemengo latitudean kokatu dugu, 43.ean.

Planisferioa paperean ateratzea erabaki duzue. Zergatik?

Berez formatu digitalean aplikazio asko daude eta nahiko ondo dabiltza. Hala ere, nik akats txiki bat ikusten diet. Mugikorraren iparrorratzarekin funtzionatzen dute eta iparrorratzek ez dute beti ondo funtzionatzen. Ondo dabilenean erabilgarria da, baina iparrorratza fin ez dabilenean zeruan ez dagoen zerbait erakusten dizu aplikazioak. Niri askotan gertatu izan zait. Horregatik erabaki dugu paperezko formatuan egitea, inoiz ez duelako akatsik ematen. Oso formatu politean egina dago gainera.

Zer behar da gaueko behaketa bat egiteko?

Zerua garbi egotea da baldintza bakarra. Euskal Herria ez da tokirik egokiena gaueko behaketak egiteko, askotan zerua lainotuta egoten delako eta argiaren kutsadura handia delako gure ingurunean. Baina, zerua garbi dagoenean aparteko lekuren batera joan eta zeruaz gozatzeko aukera dugu.

Kontentu al zaudete planisferioak izan duen zabalkundearekin?

Bai. Harrituta gaude. Lehen edizioa amaitu da eta bigarrena martxan jarri dugu. Nahi genuke urriaren bukaerarako kalean egotea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!