Planisferioaren aurkezpena eta gaueko behaketa egingo dituzte

Ataria 2021eko irailaren 14a

Fagus Alkiza interpretazio zentroak ostiralerako antolatu du saioa hilerri ondoko gunean eta parte hartu nahi dutenek aurrez eman beharko dute izena

Elkano euskal planisferioaren aurkezpena egingo dute ostiralean Alkizako hilerri ondoko informazio gunean. 19:30ean zeruko maparen aurkezpena egingo dute eta 21:00etan gaueko behaketaz gozatzeko aukera izango dute parte hartzaileek. Virginia Garcia Aranzadi zientzia elkarteko Astronomia saileko zuzendariak emango ditu azalpenak euskaraz.

Aranzadik Elkano euskal planisferioa aurkeztu zuen uztailean. Euskara hutsez idatzitako eta Euskal Herriko latitudean kokatutako lehena da, 43 graduko ipar paraleloan. Planisferioak ez du soilik Euskal Herriko zerua behatzeko balio. Hiruzpalau gradu iparralde edo hegoalderago behaketak egiteko ere balioko du, besteak beste, Madril, Paris, New York edo Pekinerako. Aranzadik Elkano fundazioarekin batera egin du argitalpena, marinel getariarrari keinu bat eginez.

Ostiraleko aurkezpenean eta gaueko behaketan parte hartu nahi dutenek aurrez eman beharko dute izena kultura@alkiza.eus helbidean edota whatsapp bat bidalita 688 60 44 66 telefono zenbakira. Jardueretako batean bakarrik parte hartu nahi dutenek 3 euro ordaindu beharko dute eta bietan parte hartu nahi dutenek, berriz, 5 euro. Ostiralean bertan egin beharko da ordainketa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!