Biodibertsitateari erreparatuz gero, Tolosaldean badira interes handiko herriak, horietako batzuk, oso garrantzitsuak, Alkizaren kasuan bezala. Duela urte batzuk, Kontserbazio Bereziko Eremua izendatu zuten Hernio-Gazume gunea. Alkizako lurren ia erdia, %44a, eremu horretan kokatzen da. Hori dela eta, Fagus Alkiza interpretazio zentroa sortu zen, gune horren erakusleiho izateaz gain, herritarren, baserritarren, naturazaleen, artisten nahiz mendizaleen hausnarketarako, topaketarako eta aukerak baliatzeko gunea dena.
Hain zuzen, biodibertsitatea kontserbatzea eta areagotzea, garapen iraunkorra lortzea nahiz landa eremuan kultura era integralean sustatzea dira Fagus Alkizaren helburu nagusiak.
Horretarako, inguruko mendigunean egin diren eta egiten ari diren kontserbaziorako lanen informazioa topatu daiteke zentroan. Horrez gain, erakusgai daude bertako basoaren erreplika edota kobazulo batena, saguzar espezie ezberdinekin. Bestalde, alkizarrek historian zehar naturarekin izandako harremana ere ezagutarazi nahi da, bildutako ondasun kulturalak ikusgai jarriz.
Interpretazio zentroa sortu aurretik, gainera, herritarrek gogoeta prozesu bat egin zuten. «Argi genuen herriaren etorkizunak naturari lotuta joan behar zuela», adierazi du Edurne Ayuso kultura teknikariak. Hori horrela, herrian zuten ondare naturala ezagutzera eramateko asmoz, luzera eta zailtasun maila ezberdineko ibilbideak diseinatu zituzten. Oraingoz lau bide daude seinaleztatuta: saguzarrena, gautxoriena, Herniora doana eta baserri paisaiena. Bosgarren bat ere diseinatuta eta martxan jartzeko prest dute, baina seinaleztatzea falta da: begiratokien ibilbidea. «Guztietan, inguruan dugun natura aberastasuna ezagutzeko aukera dago, ikusgarria baita hain eremu txikian zenbat aldatu daitezkeen parajeak».
Garaiak aldatzen doaz, eta horrekin batera, ohiturak, ustiapen ereduak, ingurumenarekiko harremanak edota kontsumoa ere bai. Hain justu hori ezagutarazten da ibilbide horietan. «Lehen bietan, mendigunean bizi diren mehatxatutako espezieak eta euren habitatak ezagutu daitezke. Baserri paisaienak, gure arbasoek paisaiaren eraikuntzan izan duten eragina eta garrantzia ulertu eta baserriek izandako bilakaera ezagutzeko balio du, beraiei esker baitaude herri inguruan hain garrantzitsuak diren larre edo pago motzak. Herniora doan ibilbidea, berriz, zirkularra da, mendia eta natura gustuko duenarentzako aproposa».
Ibilbide horietarako, bisita gidatuak eskaintzen ditu interpretazio zentroak, dibulgazioa baitute helburu. Hilerri ondoko aparkalekuan, harrera eta informazio gunea egokitu dituzte. Ibilbideetarako abiapuntua izateaz gain, aisiarako gunea ere bada. Ibilaldi gidatu tematikoak ere egiten dituzte. «Norbaitek horietakoren batera joan nahi izanez gero, aurrez hartu behar du hitzordua, udaletxera deituz». Alkizak apustu sendoa egiten dihardu ingurumenaren alorrean. «Etengabe berritzen doan zentroa da, museo itxura eman diogu, eta erakusketa bat zabaltzea da nahia. Udala, gainera, etengabe ari da naturaren kontserbazioaren alde Naturtzaindiarekin elkarlanean. Herri txikia baina bizia izatea nahi dugu. Ekologikoki, gune oso aberatsa da, eta askotan, bertakoak garenok ez diogu berez duen balioa ematen».
Fagus Alkiza Interpretazio Zentroa
- Helbidea. Alkizako plaza
- Telefono zenbakiak. 943 69 02 35 eta 688 604 466
- E-maila. kultura@alkiza.eus
- Webgunea. Fagus-alkiza.eus
Alkizako mendi ibilbideak
Gautxorien ibilbidea
- Distantzia. 6,5 kilometro
- Desnibela. 350 metro
- Iraupena. 2 ordu
- Zailtasuna. Ertaina
- Elementu aipagarriak. Harkaitzetako hegaztiak, pagadiak eta zuhaitz zaharrak
Saguzarren ibilbidea
- Distantzia. 3,2 kilometro
- Desnibela. 100 metro
- Iraupena. Ordu bat
- Zailtasuna. Erraza
- Elementu aipagarriak. Askantxoko erreka, ubidea, ur zuloa eta Ursalto u jauzia
Baserri paisaia ezagutzeko ibilbidea (Aginagako bidea)
- Distantzia. 5,2 kilometro
- Desnibela. 95 metro
- Iraupena. Ordu bat eta 45 minutu
- Zailtasuna. Ertaina
- Elementu aipagarriak. Baserrien paisaiak
Begiratokien ibilbidea
- Distantzia. 6,5 kilometro (ibilbide zirkularra)
- Desnibela. 350 metro.
- Iraupena. Ordu bat eta 50 minutu
- Zailtasuna. Ertaina
- Elementu aipagarriak. Santa Kruz Ermita, Itxuraingo tumulua, Lerabidea eta karobia.
Hernioko bira (Aginagako bidea)
- Distantzia. 14 kilometro (ibilbide zirkularra)
- Desnibela. 700 metro
- Iraupena: 4 ordu
- Zailtasuna. Ertaina
- Elementu aipagarriak. Hernio eta inguruko mendien ikuspegi zabala, basoak eta harkaiztegia.
Ur Mara museoa
- Helbidea. Azaldegi Bailara, 18, Alkiza
- Telefono zenbakia. 609 465 942 (Koldobika Jauregi)
- E-maila. mail@urmara.com
- Webgunea. Urmara.com
- Ordutegia. Urte osoan zabalik, bisita gidatuarekin (aurrez hartu behar da hitzordua)
- Bisita gidatuen iraupena. 2 ordu
- Prezioa. 7 euro (14 urtetik beherakoek, doan)