Begiratokien ibilbidea inauguratzeko ekitaldia egingo dute larunbatean

Tolosaldeko Ataria 2021ko eka. 24a, 13:00

Alkizan, ibilbidea abiatzen den informazio gunean, zuzeneko sukaldaritzaz gozatzeko aukera izango da larunbatean.

Alkizako Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza jaso zuen Begiratokiaren ibilbidea atontzeko eta ondare etnografikoa, arkeologikoa eta paisajistikoa indartu ahal izateko. Horri esker, besteak beste, herritarrak eta bisitariak hartzeko informazio gunea egokitu dute hilerri ondoko aparkalekuan. Larunbatean inauguratuko dute gunea garaiko eta kalitatezko produktuak dastatuz.

Orain arte Fagus-Alkiza egitasmoaren barruan zeuden ibilbideak egokitu eta Begiratokiaren ibilbide zirkularra osatuko dute Alkizan. Bost bat kilometroko zirkuitu laburra izango da eta herrian dagoen ondare etnografiko-arkeologikoa eta balio paisajistikoa erakusteko erabiliko dute. Ibilbidea egokitzeko lanak egiteko Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako departamenduaren laguntza jaso du Alkizako  Udalak. Aldundiak finantzatu du interbentzioa %100ean eta ia 70.000 euroko inbertsioa egin du bertan.

Larunbatean hilerri ondoan egokitu duten harrera eta informazio gunean zuzeneko sukaldaritzaz gozatu ahal izango dute herritarrek. Jakisu enpresaren barbakoa elektriko berritzailea kokatu da bertan eta Basque Culinary Centerreko ikasleek estreinatuko dute. Bertaratutakoek momentuan prestatutako kalitatezko produktuak dastatzeko aukera paregabea izango dute.

Ekitaldia eguerdian hasiko da eta 14:00ak ingurua arte luzatuko da. Parte hartzeko ezinbestekoa izango da aurrez izena ematea eta osasun eta higiene neurriak betetzea. Izen emateko, 688 60 44 66 telefonora edo kultura@alkiza.eus helbidera idatzi beharko da.

«Alkiza ezagutzen ez duenak, beraz, badu Hernio mendiaren magalera hurbiltzeko beste aitzakia bat» esan dute udal ordezkariek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!