Ondarea berreskuratzeko Alkizan egin diren lanak aurkeztu dituzte

Tolosaldeko Ataria 2021ko api. 9a, 12:23

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak eta Monica Pedreira Ingurumen zuzendariak, Inaki Irazabalbeitia alkatearekin batera bisitatu dute Hernio-Gazume Kontserbazio Bereziko Eremuko sarbidean egin dituzten lanak.

Orain arte Fagus-Alkiza egitasmoaren barruan zeuden bi ibilbideak egokitu eta Begiratokiaren ibilbide zirkularra osatuko dute Alkizan. Bost bat kilometroko zirkuitu laburra izango da eta herrian dagoen ondare etnografiko-arkeologikoa eta balio paisajistikoa erakusteko erabiliko dute. 

Ibilbidea egokitzeko lanak egiteko Alkizako Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako departamenduaren laguntza jaso du. 56.000 euro inguruko inbertsioa egin dute eremua egokitzen eta kostuaren %100 bere gain hartu du aldundiak.

Eskertuta agertu da Inaki Irazabalbeitia alkatea Gipuzkoako Foru Aldundiarekin. Hilerri ondoko aparkalekua egokitu eta gune bat atondu dute. Bisitariei harrera egiteko nodo gisa egokitu dute, ibilbide berdeen sarearen seinaleztapena eta ibilbidea bateratzeko eta sarrera eta egonaldi atseginerako gune gisa hartzeko. Horretarako, egitura aldetik hobetu da eremua (hondoratzea, drainatzea...) eta eserlekuak eta mahaiak, haurrentzako jolastokia eta iturria jarri dira eta espezieak landatu. Era berean, ibilbideen hasiera seinaleztatu da eta Alkizako herrigunetik pasatzen den eremuko argiztapena hobetu da.

Eremuak leheneratu eta balioetsi

"Hitzetatik ekintzetara pasa behar dugu eta hau da bidea. Orain jendeak gozatu behar du, etorri dadila Alkizara, txukun baina etorri dadila. Gipuzkoa Klima 2050en helburua hirietako azpiegitura berdeak sustatzea da, klima-aldaketara egokitzeko neurri gisa. Horrek, gainera, biztanleriaren ongizatea eta bizi-kalitatea hobetzea dakar, osasun-indizeak handitzea, pertsonen izaerarekin berriro konektatzea eta hiri-espazioen paisaiaren kalitatean hobera egitea", esan du Jose Ignacio Asensiok.

Ingurumeneko diputatuak eta herriko alkateak, gaur bisitatu dituzte Alkizako Hernio-Gazume kontserbazio eremurako sarbidetik egin dituen biziberritze lanak. Obra hauek lizitatu eta gauzatu dira 2020ko azken hilabeteetan, Alkizako Udalak aurkeztutako proiektuaren arabera, eremu degradatuak berreskuratzeko eta lehengoratzeko eta Gipuzkoako azpiegitura berdeak eta erresilientzia hobetzeko proiektuak eta jarduerak gauzatzeko diru laguntzen deialdiaren barruan, eta 56.078 euroko aurrekontua jarri da horretarako.

Eremu degradatuak berreskuratzeko programaren barruan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentua hainbat proiektu ari da gauzatzen azken urteotan, lurraldeko eremu batzuk leheneratzeko edo balioesteko. Proiektu horiek, hainbat arrazoirengatik, galdu egin dituzte edo hobetu egin behar dituzte beren elementuen ezaugarriak eta kalitate-estandarrak, ikuspuntu jasangarritik haientzat hartzen edo espero diren erabilera eta funtzioei dagokienez.

Ingurumeneko diputatuak azaldu duenez, Gipuzkoa Klima 2050 klima-aldaketaren aurkako Gipuzkoako estrategiak, “berariazko" jarduera ildo bat ezarri du, Gipuzkoan azpiegitura berdeen sarea sustatu eta lurraldea desfragmentatzeko. "Bi helburu ditu: alde batetik, degradatutako eremuak leheneratzea eta naturalizatzea, lurraldearen erresilientziari eusteko, eta, bestetik, hiriko azpiegitura berdeak sustatzea, landa-eremuen osagarri gisa, klima-aldaketara egokitzeko. Gainera, biek laguntzen dute herritarren ongizatea eta bizi-kalitatea hobetzen eta osasun indizeak handitzen, pertsonen izaerarekin birmoldatzea eta hiri-espazioen paisaia-kalitatea areagotzea erraztuz”.

Era berean, Asensiok adierazi duenez, “ekintza horiei dagokienez, Gipuzkoa Klima 2050 estrategiak ezartzen du, besteak beste, Ingurumeneko Departamentuak lehengoratze eta naturalizazio proiektuak sustatu eta gauzatu behar dituela, eta horrez gain, hiri-eremuak naturalizatzeko eta eremu berdeak sortzeko udal proiektu eta jarduerei lagundu behar diela, horretarako ezarritako tokiko eta eskualdeko estrategien barruan”.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!