Ondareari balioa emateko ibilbide berria osatuko dute

Tolosaldeko Ataria 2020ko aza. 10a, 07:59

Alkizako Udalak laguntza jaso du, 'Begiratokiaren ibilbidea' atontzeko eta ondare etnografikoa, arkeologikoa eta paisajistikoa indartu ahal izateko

Orain arte Fagus-Alkiza egitasmoaren barruan zeuden bi ibilbideak egokitu eta Begiratokiaren ibilbide zirkularra osatuko dute Alkizan. Bost bat kilometroko zirkuitu laburra izango da eta herrian dagoen ondare etnografiko-arkeologikoa eta balio paisajistikoa erakusteko erabiliko dute. «Mendiaz aparte, Alkizan balioa duten elementuak daudela erakutsi nahi dugu», esan du herriko alkate Inaki Irazabalbeitiak.

Ibilbidea egokitzeko lanak egiteko Alkizako Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako departamenduaren laguntza jaso du. «Aldundiak finantzatzen du interbentzioa %100ean. Ia 70.000 euroko inbertsioa da eta laguntza hau jaso ezean ez genuke ahalmenik izango lan hauek egiteko. Txalotzekoa da bultzatzen duten programa hau, gurea bezalako herri txikiei ateak zabaltzen dizkielako. Herri bezala daukagun proiektuan aurrera egiteko balioko digu. Beraz, oso eskertuta gaude jasotako laguntzarekin», aipatu du alkateak.

Alkizan natura, gizakia eta kultura ardatz hartuta ari dira herri proiektua lantzen azken urteetan eta osasun krisiaren testuinguruan aukera bat zabaltzen zaiela adierazi du Irazabalbeitiak: «Arrisku gutxiko ingurune bat eskaintzen dugu, mendia eta naturaz inguratuta. Sumatu dugu azken hilabeteetan, uda partean batez ere, jende gehiago ibili dela ingurune honetan mendi bueltak egiten edo paseotxoak ematen». Udalak argi du, dena den, turismo jasangarria bultzatu nahi duela, masifikaziotik aldenduta. «Turismoa gure etorkizunaren oinarri bat da, baina neurrian nahi dugu. Bisitari kopuru bat nahi dugu herriaren nortasuna eta konfigurazioa aldatuko ez duena. Jendea gerturatzea nahi dugu, Alkiza ezagutzea, ostalaritza establezimenduetan gastua egitea. Horrek berpizten eta indartzen du gure herria», nabarmendu du alkateak.

ONDAREA BISTARAZI

Aurretik prestatuta zeuden bi ibilbideetan ondare arkeologiko-etnografikoaren aztarnak egon bazeuden, «ez bere onenean», Irazabalbeitiaren esanetan. «Hortxe zeuden, erabiltzeari utzi zitzaien bere garaian eta denborak egiten dituen kalteak sumatzen dira ondare horretan». Horregatik elementu horiek berreskuratu eta egokitzeko lanak abiatu dituzte. Urrian zehar hasi eta urte amaierarako Begiratokiaren ibilbidea prest egotea espero dute. «Gipuzkoako Foru Aldundiak du lanak egiteko ardura osoa eta haiek egin dute kontratazioa, horrelako lanetan espezializatutako enpresa bat ari da».

Begiratokiaren ibilbidea deitu diote Santa Kruz ermita zegoen tokian egurrezko miradore bat egingo dutelako. «Handik inguruko mendi, ibar eta herrien ikuspegi ederra dago. Balkoi hori eskaini nahi diogu bisitariari eta bertatik Andatza, Uzturre, Aralarko natur parkea, Adarra eta hondoan Aiako Harria ikusi daitezke. Agerian utziko ditugu Santa Kruz ermitaren hondakinak. XIX. mendearen lehen zatian eraitsi zuten gotzaindegiaren aginduz oso egoera txarrean zegoelako. Lurraz eta sasiz estalita zeuden aztarnak eta bistan utziko ditugu orain».

Alkizarrek bere garaian lanerako erabiltzen zituzten elementuak berreskuratuko dituzte bidean, Berandoaingo karobia, esate baterako. Mendira egurra edo ikatza lantzeko erabiltzen zituzten bideetako bat ere egokituko dute: Ilunbeko galtzada. «100 metro inguru dira, belarra eta gainean pilatutako lurra kendu, falta ziren harriak jarri eta galtzada ikusgai jarri dugu», esan du alkateak. Bide batez, Iribetitiko pagadian egin duten interbentzioaz aritu da: «Bere garaian propio aldatutakoa basoa da eta pinudiz inguratuta dago. Jabeek pinuak botatzeko asmoa agertu dute eta horien ordez pagoa aldatuko da, pagadia bera zabaldu eta babesteko. Hernio aldera ikusten den lehenengo basoa pinudia beharrean pagadia izango da aurrerantzean».

Ez dakite lan horiek aurten egin ahal izango dituzten, pinua botatzeko berandu xamar baitabiltza. Hala eta guztiz ere, ibilbidearen gainerako zatia urte amaierarako prest egongo dela adierazi du Irazabalbeitiak. «Balio dezala honek erakusteko, gurea bezalako herriak inportanteak direla gizartearen ongizaterako eta herri honen etorkizunerako».

EGINGO DIREN LANAK

Hilerria. Alkizara doazen bisitariak biltzeko gunea antolatuko da. Auto, autokarabana eta autobusentzako aparkalekua egingo da. Informazio panelak eta iturria jarriko dira.

Berandoaingo karobia. Karobi inguruko zuhaitz eta sastrakak botako dira, paretako huntza garbituko da.

Ilunbeko galtzada. Galtzadaren bi zati berreraikiko dira garai bateko egoera berreskuratzeko: lurra kendu, zuloak bete, zorua berdindu...

Leteren borda. Dozena erdi konifero bota, egurrarekin eserleku pare bat egin eta bordaren sarrera perfilatu eta hartxintxarrezko zorua egingo da.

Itxuraingo tumulua. Babestu eta ikusgai jarriko da. Ganaduarentzako aska egokitu eta iturria jarriko da.

Santa Kruz ermita. Egurrezko behatoki bat eraikiko da ermitaren arrastoen gainean.

Iribeitiko pagadia. Oraingo pinudia botatzen denean, bertan pagoa aldatuko da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!