'Alkizako Kabia' gunea inauguratu dute

Aitor Arroyo Askarai 2020ko uzt. 24a, 19:28

"Herritarrentzako eta bisitarientzako harrera gunea", horrela definitu du Edurne Ayuso Alkizako Kultur eta Turismo teknikariak Alkizako Kabia

Ostiral arratsaldean inauguratu dute espazio berria eta herriko artisten obrak daude ikusgai zein salgai. Hainbat funtzio beteko ditu tokiak, besteak beste, bisita gidatuentzako abiapuntua izango da eta, hilean behin, bertan kultur ekintzak antolatzeko asmoa dutela adierazi du Ayusok. 

Astelehenetik ostiralera bitarte egongo da zabalik Alkizako Kabia, goizeko bederatzietatik hamabietara; eta arratsaldeko lauretatik seietara. Lantzean behin, asteburuetan ere irekiko dutela eta aurrez eskaera egin ezkero ere zabalduko dutela azaldu du teknikariak. 

Komikigintza lantegia

Inaugurazioarekin batera, herriko haurrei bideratutako komikigintza tailerra ere eman du Iñaki Martiarena Mattin ilustratzaileak. Belardo pertsonaiaren sortzailea da Martiarena eta pertsonaiak 20 urte bete dituela eta, komikia argitaratu du. 

Ordubete iraun duen saioan, umeek komikiak egiteko lehen pausoak ikasi dituzte, eta amaieran, komiki bana sinatuta oparitu die ilustratzaileak. 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!