Sorarrainek hasi du 24 orduko erronka

Ataria 2018ko irailaren 29a

Alkiza-Hernio ibilbidea, korrika eta 24 orduz, hori da Eñaut Sorarrain alkizarrak gaur 16:30ean hasi duen erronka.

Txindokin Patxi Caminosek egindako 12 igoerak eta ultra trailak prestatzeko Hernio igotzen egiten dituen prestaketak buruan, heldu dio erronkari Eñaut Sorarrainek. "Hernio igotzen dut prestaketetan, urtean 50-60 bat aldiz igotzen dut, entrenatzeko. Ultra trailetan hasi nintzenetik beti izan dut buruan horrelako zerbait egitea; zergatik ez Herniori omenaldi txiki moduan horrelako zerbait egin? Urteak dira egiteko gogoa nuela, eta iritsi da momentua", esan du irten baino lehen.

Erronka honetarako ez du prestakuntza berezirik egin, baina abuztuan egindako UTMB ultra trailerako egindako prestakuntza baliatuko du. "Hori izan zen nire urteko erronka nagusia, eta hango entrenamenduak eta lortutako forma aprobetxatuko ditut", esan du. Ez du emango dituen itzulien inguruko aurreikuspenik, "nik gehienez lau aldiz egin dut buelta hori jarraian, eta badakit lau horietan zein denboratan ibiliko naizen, hortik aurrera, auskalo. Denborak eta erritmoa jaisten joango da. Horrelako probetak kilometro gutxitan desnibel handia izaten da eta ez dakit nola joango den erritmoa. Proba lehen aldiz nik egingo dudanez, ez dut erreferentziarik ere... Ez dakit, baina badakit ez direla izango Txindokin egindako 12 igoerak, baina ea gerturatzen naizen". 

Sorarrainek alkizarren txalo artean hasi du erronka, adarra entzun eta gero, eta ibilbidean ez da bakarrik egongo. Martin Elorza goi mendi gidaria mendian izango du laguntzaile eta Eneko Sorarrain anaia Hernio puntan egongo da, besteak beste. Plazan ere izango ditu herritarrak zain, anoa gunea bertan baitu.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!