«Natura gurea da, ezagutu dezagun, gero, maitatzeko eta zaintzeko»

Jon Miranda Labaien 2018ko uzt. 8a, 13:01

Gema Arrugaeta argazkilari profesionala da. Naturarekiko eta bidaiekiko grina berezia du, eta horregatik, esperientzia zabala du munduko hainbat paisaia, herrialde eta kulturatan. Sei libururen egilea da, eta hainbat erakunde publikok eta pribatuk egin dituzten liburu eta argitalpen askotan parte hartu du.

13 dokumental egin ditu askotariko formatuetan, eta 10 museo tematikotan baino gehiagotan daude bere argazkiak jarrita. Mintegietan irakasle ibiltzen da, eta argazki erakusketak ere egiten ditu bere jardun profesionalean. Ikusgai duen azkenekoa Fagus Alkizan.

Oso gaztetan hasi zinen argazkilaritza munduan.

Bai. Urte gutxi batzuk daramatzat lanbide honetan. Gaur egun, arruntagoa da ofizioa, jende asko ibiltzen delako, baina garai hartan ez zen hain ohikoa. Oso gustukoa dut eta bere garaian apustu egin nuen horren alde.

Non jaso zenuen formazioa argazkilari izateko?

Beste ofizio askotan bezalaxe, egunero ikasten da. Teorikoki Bartzelonan ikasi nuen, baina egunero-egunero lan eginez sortzen diren erronkei aurre eginez ikasten da gehienbat. Argazkilaritza munduan azken urteetan salto izugarria izan da analogikotik digitalera, teknikoki aldaketa handia izan da. Modu asko aldatzea ekarri zuen horrek eta erronka handia izan zen. Asko ikasi behar da emaitza onak lortu ahal izateko; egunero ikasten da zerbait.

Beti egon da presente argazkilaritza zure bizitzan?

Beti horretan ibili naiz lanean eta horretan segitzeko asmoa dut. Beti bideratu dut oso gustuko ditudan gaietara: natura, mendia, landa eremua, bidaiak... Oso zaila da gaur egun horretatik bizitzea, oso zaila, baina aldi berean oso gustukoa dut, beraz alde onak aurre hartzen dio txarrari.

Zein da zuk daramazun prozesua argazkiak sortzerako orduan?

Ez da modu jakin bat bakarrik izaten. Batzuetan neronek landutako lanak izaten dira, askatasun osoz eta mugarik gabe egiten ditudanak, ez denbora aldetik, ez gaien aldetik. Denbora luzean egiten ditudan lanak dira. Eta beste batzuetan, enkarguak izaten dira. Hainbat gai eta eskaera izaten ditut eta nahiz eta normalean askatasuna ematen didaten lanerako, burua horretara egokitu egin behar izaten dut. Jartzen dizuten helburura moldatu eta mezu hori nola landu pentsatu behar izaten dut okasio horietan. Hala ere, modu batera edo bestera, erronkak dira eta batzuk zein besteak lan politak niretzako.

Patxada handia behar al duzu zure argazkiak ateratzeko?

Bai, nik uste patxada denok behar izaten dugula eta lan honetan zer esanik ez. Askotan, ordea, ez dut edukitzen. Nahi baino gehiagotan ibili behar izaten dugu korrika. Hala ere, dinamika horren barruan egonda ere, saiatzen naiz patxada hartzen, emaitzetan ere antzematen delako gero.

Natura, mendia, bidaiak... horiek dira zure esparruak. Zergatik?

Oso gustuko ditudalako. Bidaia esaten dudanean, berdin du bidaia urrutira edo gertura izan. Gauza berriak ikustea, ingurunea ezagutzea niretzako plazera da eta gainera beharrezkoa dut. Natura oinarri-oinarrizko beharra dut. Landa ingurunea arlo bezala hartu dut azkeneko urteetan, eta dezente landu dut gaia. Nire izaera ere horrelakoa da, eremu horretan bizi naiz eta eremu horretan gozatzen dut gehien. Sufritu ere bai, batzuetan [barrez].

Fagus Alkiza proiektuan, natura, gizakia eta bien arteko harremanetik sortzen den kultura dute ardatz. Zure kezka berdinak dira.

Ez nuen ezagutzen proiektu hau, orain ezagutu dut hots egin didatenean. Sorpresa ona hartu nuen. Neronek moldatu dudan egitasmo orokorrago baten barruan kokatzen da, gainera, Alkizan ikusgai jarri dudana. Izadiaz/Gizakiaz du izenburua eta 2014 bukaeratik gauzatu dut. Argazki erakusketetan eta argitalpenetan islatu ditut lanak. Azpititulu bat jarri izan diot, bi horietako batetik, gizakitik edo izaditik beti gehiago duelako egindako aukeraketak. Nire lan horren bueltan, konturatu nintzen Alkizako proiektuak antzekotasun handia zuela nire egitasmoarekin. Pare-parean tokatu zaie, ondo doakien proposamena da eta guztia lotuta doa. Naturan oinarritu dut aukeraketa. Bertan dugun ingurunea da argazkitakoa, kaletik urruti sentitzen dena maiz. Horri eman nahi izan diot garrantzia.

Aralarrerako joera izango duzu goierritarra izanik. Baina ezagutzen duzu Hernio-Gazume ingurunea?

Aralar beti nire mendia bezala sentitu dut, baina leku askotan ibiltzen naiz, azken urteetan, Aralarren baino gehiago ere bai. Hernio-Gazumeko ingurune hori ere ezagutu dut eta Alkizarekin sorpresa hartu dut, paraje asko daude ezezagunak nituenak eta egiatan zoragarriak direnak. Baserri inguruneak, basoak, ibilbideak, ur jauziak... merezi du horiek bisitatzeak.

Nola definituko zenuke Alkizan ikusgai jarri duzun erakusketa?

20 argazki inguru izango dira. Koadro handi xamarrak dira, gustatzen zait argazkiak handitzea, emaitza ezberdina izaten baita, eraginkorragoak iruditzen zaizkit, hobeto ikusi eta gozatu daitezkeela iruditzen zait. Natura da ardatza, baina bitan banatu dut erakusketa honetan: barnealdekoa (mendia eta baso ingurunea), eta gero, itsaso aldekoa. Hemen inguruan, bertatik bertara ditugu altxorrik handienak, urrutira joan gabe. Geroz eta gehiago saiatzen naiz natura hori aldarrikatzen. Gurea da, bertan dugu, beharrezkoa dugu eta ezagutu dezagun, gero maitatzeko eta zaintzeko.

Paraje horiek politak dira, baina horrela mantendu daitezen arduratsu izan behar dugu.

Dudarik gabe. Natura osasuntsu behar dugu, baserri mundu bat osasuntsu izateko, eta baserri mundua osasuntsua bada gizartea, oro har, osasuntsu izango da. Naturak bake-bakean utziz gero, egiten du bere bidea, baino gertuago dugun landa eremu hori norbaitek zaintzen du, lan asko egin ondoren, gainera. Helburua hori da, egindako lan hori aintzat hartzea eta izadia baloratzen ikastea.

Kolorea eta argia bereziki zaintzen dituzu?

Bai, gustatzen zait horrekin jolastea. Lehen bai zuri-beltzean ateratzen nituen argazkiak, baina azken urteetan koloreetan egiten dut nire lan guztia. Bizitza koloretan ikusten dut eta kanpoko argitasunarekin jokatzen dut gehienetan, momenturo aldatzen den argi horrek ematen duen jokoa ere handia delako. Oso gustura aritzen naiz, teknikoki baino gehiago estetikoki hortik jotzen dut.

Zaila egiten zaizu gustuko duzun argi hori topatzea?

Bai. Joan-etorri asko egiten ditut. Hemengo klima ere oso aldakorra da; aurten inoiz baino gehiago, seguruena. Eguraldia, ingurunea etengabe aldatzen da. Hori ere polita izaten da eta argazkilaritza lantzeko aproposa.

Zertan zabiltza orain?

Izakiaz/Gizakiaz egitasmo horren barruan beste bi erakusketa izango dira udazkenean, Espainia inguruan bat eta bestea Euskal Herrian. Gero beste asmo batzuk ere baditut, argitalpen handi batzuk eskuartean ditut. Horiek prestatzen ari naiz orain.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!