Alkizan hamabost eguneko egonaldi artistikoa egiteko aukera

Ataria 2018ko uzt. 4a, 18:13

Alkizako Sormenaren Kabia deitu diote proiektuari. Abuztuaren 6ra arte egongo da zabalik izena emateko epea. Deialdiaren emaitza irailaren 3an jakinaraziko da, eta ondorioz, artista batek 15 eguneko egonaldia egin ahal izango du Alkizan.

Geroz eta gehiago dira euren sormen prozesuak gauzatzeko artistei eskaintzen zaizkien espazioak. Hausnarketarako, sormenerako eta lanerako gune bat izaten dute, kultura eta ezagutzak elkarbanatzeko, ikerketarako eta beren lanen difusiorako. Alkizan martxan jarriko den Sormenaren Kabia proiektuak artearen sorkuntza gizarteratzeko tresna izan nahi du eta Gipuzkoako kultura mapari egitasmo artistiko berri bat eskaini nahi dio. Euskal Herriko sortzaileak ez ezik mundu osoko artistek ere tokia izango dute sormen laborategi honetan.

Gipuzkoan ez da egon orain arte horrelako eskaintza iraunkorrik, ez behintzat landa eremuarekin lotutakorik. Edurne Ayuso herriko kultura teknikariaren esanetan, "Alkiza leku ezin aproposagoan dago, Gipuzkoako bihotzean. Herri giro lasaia eskaintzen du, eta aldi berean, kilometro gutxira ditu Donostia, Baiona, Bilbo nahiz Euskal Herriko aireportu nagusiak. Natur ingurune paregabean dago, mundutik gertu, baina hiriko erritmo eta zaratatik urrun". Artistei leku bat egiteko toki "aproposa" dela deritzo Ayusok, eta hortaz, erakutsi nahi dute "kultura ez dela bakarrik hirietako kontua, landa eremuetan ere egon badago".

Fagus Alkizak 5 urte

Alkizak bere herri nortasuna eta herri garapenerako proiektua da Fagus Alkiza Interpretazio Zentroa, natura, gizakia eta kulturaren elementuak lotzen dituena. Jon Umerez herriko alkatearen ustez, "Bere ondare naturala eta kulturala da Alkizak eskaini dezakeena eta horren gainean eraiki nahi du bere etorkizuna".

Hamar urte dira egitasmoa gauzatzen hasi zirela eta duela bost urte Hernio-Gazume kontserbazio bereziko eremu izendatu zuten. Orduan osatu zuten interpretazio zentroa eta urte guzti hauetan garatzen joan da. Naturaren arloari dagokionez, bioaniztasuna ikustarazteko lanak egin dituzte, mendian, basoan eta baita ere bertako espezieekin. Irailean horri guztiari buruz hitz egiteko Naturtzaindiarekin elkarlanean jardunaldi zientifikoak burutuko dituzte Donostiako Aquariumean eta Alkizan.

"Bioaniztasuna, ingurumena eta ekologia bezalako kontzeptuak bakarrik ulertu daitezke bertan bizi direnak kontuan hartuta", esan du Umerezek. Gizakiak naturarekin duen harreman horretatik abiatuta lan berezia hasi zuten Alkizan duela pare bat urte: "Sasiak hartutako mendiko larre batzuk berreskuratu ditugu, garbitu eta hesitu egin ditugu eta ganadua botatzeko aukera dute herriko lauzpabost baserritarrek. Aurtengo uda bigarrena izango dute".

Hala ere aurten, kulturaren arloari heldu diote, bereziki, Fagus Alkiza Interpretazio Zentroan. Dagoeneko egitasmo batzuk abiatu dituzte aurreko asteetan: Irudigileen Topaketa egin zuten maiatzean eta ekainean Gema Arrugaeta goierritarraren erakusketa inauguratu zuten udaletxeko azken solairuan. Beste pauso bat eman nahi dute orain, Sormenaren Kabia izeneko proiektuarekin. "Egitasmo xumea da, baina anbiziotsua", dio alkateak.

Horretarako, herriko eragileekin elkarlana bultzatu dute. Udalak, Fagus Alkiza Interpretazio Zentroak, Alkizako ostatuak, Lete nekazaritza etxeak, Inazio Urruzola txakolindegiak eta Koldobika Jauregien Ur mara museoak sustatutako proiektua da. "Publiko-pribatuaren arteko elkarlana gauzatu nahi dugu eta erakutsi proiektu honek baduela zerikusia  herriko garapenarekin. Herriko eragile ekonomikoek, aberastasuna sortzen dutenek proiektuari laguntzen diote, eta aldi berean, Sormenaren Kabiak lagunduko die eragileei", esan du Umerezek. 

Deialdi irekia

Alkizako Sormenaren Kabiak herritarrekin, herriko eragileekin eta landa eremuetako bestelako proiektu artistikoekin elkarlana gauzatuko du eta Ayusok nabarmendu duenez, "mimo handiz eta tentuz" egingo duten bidea izango da. Abiapuntua, aurtengo iraila eta urria bitartean gauzatuko den hamabost eguneko egonaldia izango da.

Deialdira aurkeztu eta hautatua izaten den artistak Lete nekazaritza etxeko apartamentuetan hartuko du ostatu eta 1.000 euroko beka jasoko du, dieta eta mantenurako. Horrela nahi izanez gero, Koldobika Jauregi eskulturagilearen eskutik aholkularitza jasoko du eta lanerako hiru gune ezberdin izango ditu: Lete nekazaritza etxea bera, Ur mara museoa edo Inazio Urruzola txakolindegia.

Jasoko diren proposamenen balorazioa egiteko antolakuntzak epaimahai bat osatuko du, eta besteak beste, kontuan hartuko ditu aurkeztutako proiektuaren originaltasuna, Fagusen hiru ardatzekin duen koherentzia eta eskaintzen diren lan espazioetara eta baliabidetara egokitzeko duen gaitasuna. Horrekin batera, hautatua izaten den artistak bere lan prozesua jendaurrean azaltzeko konpromisoa hartu eta amaieran egonaldiari buruzko memoria bat aurkeztu beharko du. "Gainera, egonaldian zehar ingurumenarekiko eta herritarrekiko errespetuz jokatu beharko du eta sorkuntza prozesuan ezingo du ingurumenari kalte egin diezaiokeen materialik edo teknikarik erabili", esan du Ayusok.

Abuztuaren 6ra bitartean aurkeztu ahal izango dira proposamenak eta dokumentazioa postaz (Fagus Alkiza Interpretazio Zentroa. Alkizako Plaza z/g. 20494 Alkiza) edo emailez (kultura@alkiza.eus). Izen-abizenak, helbidea, e-posta eta harremanetarako zenbakia azaldu beharko dira eta baita proiektuaren deskribapena ere, idatziz edo beste euskarri batean. Curriculum-a eta aurkezpen eskutitza edo bideoa ere bidali beharko da, proiektuan parte hartzeko artistak duen interesa edo motibazioa azalduz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!