«Euskal herritar guztiek Euskaltzaindia instituzio komun bezala onartu dute»

Jon Miranda Labaien 2018ko mai. 15a, 09:51

Elhuyarren edota UEUko zuzendaritzan egindako lanagatik Euskaltzaindiarekin gertuko harremana izan du aspalditik, Alkizan bizi den Inaki Irazabalbeitiak (Donostia, 1957). Duela 15 urtetik euskaltzain urgazle da.

Noiz izan zenuen lehenengo hartu emana Euskaltzaindiarekin?

Aspaldi. Izango dira 30 bat urte. 1990eko hamarkada hasiera hartan, Elhuyarren Hiztegi Entziklopedikoa lantzen hasi ginenean, munduko pertsonaien eta tokien izenak euskaraz nola eman eztabaidatzen hasi ginenean, aholku eske Euskaltzaindiara jo genuen. Handik etorri zen Onomastika batzordea dena.

Beranduago sortu zen exonomastika batzordea, zeinetan hasieratik hartu duzun parte.

Bai. Onomastika batzordean, besteak beste, Alfontso Irigoien, Henrike Knörr edo Federico Krutwigek hartzen zuten parte, hirurak hilak dira. Gero, 2000ko hamarkada hasieran sortu zen exonomastika batzordea eta hasieratik izan naiz kide.

Euskaltzain urgazle 2003ko urtarrilean izendatu zintuzten. Nola jaso zenuen proposamena?

Proposamena euskaltzain oso batek egin behar izaten du. Nire kasuan, Jose Luis Lizundiak proposatu zuen nire curriculuma, eta Arana Martijaren babesarekin aurkeztu zuten nire izena osoko bilkuran. Beste 20tik gora euskaltzain urgazle aukeratu zituzten orduko hartan.

Euskaltzain urgazle izateko merituetako bat izan zen urteak neramatzala lanean onomastika eta exonomastika batzordeetan. Izan nitzakeen bestelako meritu batzuk ere, Elhuyarreko kide eta UEUko zuzendari izatea besteak beste.

Zein da euskaltzain urgazle baten egitekoa?

Batzordeetan parte hartzea eta gai baten inguruan izan dezakeen jakintza aplikatzea, euskararen batasuna eta estandarizazioa ahalik eta azkarren egin dadin.

Zientzia eta Teknologia Hiztegiaren lantaldean ere bazabiltza.

Hor ere urtean bospasei bilera egiten ditugu, baina bileraz gain beste lan batzuk ere izaten dira. Proposamen zerrendak aztertu eta horien inguruko iritziak eman behar izaten ditugu, zergatik onesten dugun izen bat eta ez bestea argudiatuz. Gero osoko bilkurak hartzen du azken erabakia. Lantalde horretan idazkari ere banaiz eta horrek bideratzaile lanak egitera behartzen nau.

Zein ekarpen egin du Euskaltzaindiak euskararen bilakaeran?

Nik esango nuke Euskaltzaindiak egin duen ekarpen handiena euskara batua izan dela. Hori gabe ez genuke orain administrazioa euskaraz izango, ezta hezkuntza sistema propio bat izango. Ikusi besterik ez dago estandarrik gabeko hizkuntzak nola dauden. Egunerokotasunean erabilgarri izateak garrantzia handia du hizkuntza baten etorkizunean eta garapenean. Beste alde batetik, euskal herritar guztiek, euskaldun eta erdaldunek, instituzio komun bezala onartzea lortu du Euskaltzaindiak, eta jendeak aintzat hartzea ematen dituen arauak eta iradokizunak.

Erlazionatuak

Ilusio berriarekin ekiteko deia

Jon Miranda Labaien 2018 mai 13 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!