Ilusio berriarekin ekiteko deia

Jon Miranda Labaien 2018ko mai. 13a, 12:03
2007an Bernardo Atxaga euskaltzain oso izendatu zuteneko unea, Asteasun.

Euskaraz, hau da, euskal hizkuntzaz arduratzen den erakunde ofiziala da Euskaltzaindia. Mintzaira horri buruzko ikerlanak egiten ditu, berori babestea du helburu, eta hizkuntzaren normalizaziorako arauak ematen ditu. Hizkuntza Akademiak ezagutza ofizial osoa du, Espainian Erret Akademia bezala (1976), eta Errepublika Frantsesean Onura publikoko erakunde gisa (1995). Herritarren artean ere aitormen zabala bereganatu du, bereziki 1968tik hona, euskaldunen hizkuntza batasuna eta eguneratzea gidatzeko lana izan duenetik.

XIX. mendeko hainbat euskaltzalek jada azpimarratua zuen, lehenagotik ere, hizkuntzaren defentsarako akademia baten premia, eta hain zuzen, XX.eko lehen hamarkadetan halako erakunde bat lehenbailehen eratzea eskatu zuten atzerriko ikertzaileek eta baita Euskal Herrikoek ere, garaiko elkarte euskaltzaleekin batera. Lehen ekimena Bizkaiko Foru Aldunditik etorri zen, eta ondoren atxiki zitzaizkion asmo horri Gipuzkoako, Arabako eta Nafarroako herri erakundeak (1918). Horren ondorioz onartu zen lehenengo arautegia eta Euskaltzaindia juridikoki eratu 1919ko urrian.

1918-1919 urte bitartean sorturiko akademia hura, gaur erakunde aholku emaile ofiziala dugu. Euskararen instituzioa da Euskaltzaindia. Ehun urtean zehar, zinezko komunitate zientifiko eta akademikoa ondu du 500 eta gehiago euskaltzainek osatu dute historian zehar akademia, eta hasieratik bertatik bere egitekoa gizartearen zerbitzura jarri du. Gaur egungo euskaltzainburuak, Andres Urrutiak, erakundearen zerbitzu bokazioa, «indartu eta azkartu» nahi dutela esan du eta horretarako Euskaltzaindiaren mendeurrena, «sekulako abagunea» dela deritzo: «Ez gaude hiltamuzko lantu eta auhenetan ibiltzeko gogoarekin, kezkak eta ardurak bai, jakina, baina horiek gainditzeko eta kudeatzeko baikor eta itxaropentsu agertu nahi dugu ehungarren urteurren honetan».

Gizarteak berak ekarri duen aldaketetara egokitu eta Euskaltzaindia gizartera irekitzen joan da azken urteetan. Horrela ikusten du Miriam Urkiak, joan den otsailaz geroztik euskaltzain oso eta Euskaltzaindiaren Gipuzkoako ordezkari denak: «Gu gazteak ginenean gizonezkoek bakarrik osatzen zuten akademia, eta horietako asko apaizak ziren. Gizon inportante eta serio batzuk ziren euskararen etorkizunaz erabakitzen zutenak eta guk haiek esandakoari amen-amen egiten genion. Zorionez, gizartea bera bezala laikotu egin da akademia, emakumeak sartzen hasi gara, oraingoz gehiegi ez bagara ere, eta ari da jendea batzordeetara hurbiltzen».

Saltoa azken hamar-hamabi urteetan eman da. Euskaltzaindiak ahalegin berezia egin du gizarteak egiten dituen eskakizunetara egokitzeko. Akademian gauzatzen diren egitasmoak euskalgintzako aktore eta eragileekin konpartitu nahi dituzte, eta norabide horretan, digitalizazioan egin dute ahalegina. Hiztegigintzan, batez ere, berrikuntzak gizartearen eskuetan jartzeko sistema berriak jarri dira abian eta argitalpenak euskarri digitalean eman dituzte. Hemendik gutxira erabilgarri izango den webgune berrian dute esperantza jarrita eta sare sozialetan bere presentzia indartu du akademiak azken hilabeteetan.

Euskalgintzaren instituzioa

Duela 10 urte, Euskaltzaindiak bere 90. urteurrena ospatu zuenean, eskerrak eman zizkion euskal gizarteari urte hauetan akademiaren lana aintzat eta gidari moduan hartu duelako. Urkiaren esanetan, «errespetu handia zaio» Euskaltzaindiari. «Onarpen bat badauka gizartean, eta independentea izanik jendearen oniritzia lortu duen erakunde bat da». Kritikak egon dira bidean, «aldekotasun eta kontrako jarrerak ezagutu izan ditugu, baina horiek gabe, ez ginateke euskaldunak izango», dio euskaltzain osoak.

Hala ere, «Euskaltzaindia beti egon da abantean, beti prest, beti lanean euskararen alde». Horrela nabarmendu du Urrutiak eta berretsi du euskalgintza modernoaren azpiegitura sortu eta bultzatzen jardun duela akademiak hasieratik. «Garai zail eta ilunetan, Bertsolari Txapelketa, AEK, Euskal Idazleen Elkartea, itzultzaileak, UZEI, euskarazko argitalpenak, literatura eta ikerketa lehiaketak, puntueus... bezalako ekimenak bultzatu ditu akademiak». Urkiak gehitu duenez, «oinarriak jarri, erakundeak sortu eta gainera jakin du besteei beren bidea egiten uzten, ez du berak dena bereganatu. Horretan, nik uste asmatu duela Euskaltzaindiak, erakunde askorentzat txapel moduko bat izan da eta jendea gustura sentitu da akademiaren babesa edukita».

Elkarlanerako mezu horri eutsi dio euskaltzainburuak erakundearen ehungarren urteurrenean: «Euskal gizarteari dei zabal bat egin nahi diogu euskararen etorkizuna eta euskal kulturarena guztion artean egin dezagun». Elkarrekin egiteko lan handia dagoela uste du, bestalde, Urkiak: «Maila altu eta seriokoa bezala hartzen dute batzuk Euskaltzaindia, baina berak bakarrik ezin du jardun. Ezin du eta ez du egin behar. Indarrak batu eta denen artean adostu behar ditugu euskarari dagozkionak, Euskaltzaindia gidari izan daiteke baina gizarteko beste eragile guztiekin egin behar du lana. Ezinbestekoa da ikuspegi hori».

Beraz, ilusio berri hori eskatu diote Euskaltzainditik euskal gizarteari. «Ilusio berri horretan izan nahi dugu partaide; ilusio berritu horretan aurrera egin nahi dugu. Zalantzarik ez izan, ahaleginak hor izango dira». Urrutiak hartutako konpromiso hori bere egin du Urkiak eta behin mendeurreneko ekitaldiak amaituta, 2019 urtearen hondarrean, Euskaltzaindiaren egoera irudikatu du: «Nahiko nuke urtebete barru planez josita egotea, plan egingarriak izatea eta gainera inguruan jende pila bat edukitzea elkarrekin asmo horiek aurrera eramateko. Gustatuko litzaidake egitekoen zerrenda luze bat edukitzea. Garbi edukitzea zeintzuk diren egitekoak, baina batez ere jende guztiarekin adostutakoak izatea. Hemendik urtebete pasatxora ilusioz josita egotea nahi nuke, beste ehun urteri begira lanean hasteko».

Euskararen batasunak 50 urte

Urrats handiak eman ditu Euskaltzaindiak azkeneko mendean, baina beharbada, gehiengo zabal batek euskararen batasunarekin identifikatuko du erakundea. Aurten betetzen dira 50 urte Arantzazun Euskara Batuaren oinarriak jartzeko biltzarra egin zenetik. «Hori badugu», dio Urkiak, «hizkuntza estandarizatu bat badugu eta orain euskara biziberritzera jo behar genuke». Euskaltzain osoak uste du euskara zaintzen saiatu behar genukeela, «batzuetan euskara lardasten ari dela iruditzen zait. Badakit euskararik txarrena egiten ez dena dela, baina saia gaitezen txukun egiten».

Duela ehun urte sortu zenean bezala jardunean segiko du Euskaltzaindiak euskara zaintzen, euskara bilbatzen eta euskara bermatzen. Urrutiak esan du: «Mendeurren hau gure erakundearentzat lekuko ederra da, egin denaren eta eginkizun dagoenaren erakustaldia egiteko. Ekin eta jarrai, euskara ehuntzen etenik gabe».


29

EUSKALTZAIN OSO


Aurreko otsailean izendatu zituzten azken bi euskaltzain osoak, Miriam Urkia eta Roberto Gonzalez de Viñaspre. Egun, eskualdeko euskaltzain oso bakarra Bernardo Atxaga asteasuarra da 2006an hartu zuen Juan Mari Lekuona zenaren 8. aulkia. Bere garaian Antonio Maria Labaien tolosarrak okupatu zuen 21. aulkia, 1995ean Patxi Goenagak hartu zuena. Lehenago, 1957tik 1963ra, 2. aulkia izan zuen Nikolas Ormaetxea Orixe-k eta 22. aulkia, berriz, hutsik dago 2009az geroztik, Antonio Zavala zenaren ondorengoa izendatu gabe baitago.


150+

EUSKALTZAIN URGAZLEAK


Euskararen arloren batean nabarmendu eta Euskaltzaindiak bere lanean lagun diezaion izendatutako pertsonak dira. Eskualdekoak: Juan Kruz Igerabide, Inaki Irazabalbeitia, Joxemari Iturralde, Xabier Artola Zubillaga eta Xalbador Garmendia. Ohorezkoak dira, berriz, euskararen arloren batean nabarmendu eta ezagutza ematearren izendatutako pertsonak. Eskubidea dute Euskaltzaindiak akademia gaiak aztertzeko egiten dituen bileretan parte hartzeko, baina botorik gabe. Juan Garmendia Larrañaga zena ohorezko euskaltzaina izan zen 2002tik hil arte.

 

KONPROMISOA BERRITZEKO MENDEURRENA

2018ko irailetik 2019ko urrira bitartean ospatuko du Euskaltzaindiak ehungarren urteurrena, eta horretarako, jardunaldi akademikoak, ekitaldi instituzionalak eta emanaldi artistikoak antolatuko ditu

Iaz, Euskaltzaindiak akademiaren mendeurrenari aurre egiteko batzorde bat osatzea erabaki zuen. Batzorde «suntsikorra» izango da, urteurreneko ekitaldiak amaitu eta gero desegingo baita. Euskaltzainburuak, euskaltzainburuordeak, iker sailburuak eta osoko bilkurak izendatutako Bernardo Atxaga, Iñigo Andres eta Patxi Zabaleta euskaltzainek osatzen dute batzordea, Euskaltzaindiako kudeatzailea, idazkariorde, komunikazio arduradun eta egitasmoaren bateragilearekin batera. Ibon Usarralde (Andoain, 1978) da bateragile lanetan arituko dena, eta bere egitekoa izango da mendeurrenaren barruko ekimen guztiak koordinatzea eta horretaz aparte, egitasmoak gauzatu ahal daitezen egin beharrekoak egitea.

Ekitaldi horietako batzuk euskararen lurralde guztietan dauden herri erakunde nagusiekin egin nahi dituzte, Usarralderen hitzetan, «ehun urte hauetan bide lagun izan ditugulako». Mendeurrenaren hasiera ekitaldi instituzionala Arantzazun izango da, urrian, Euskararen Batasuna jardunaldi akademikoekin batera. Ospakizunek urtebete iraungo dute, 1919ko urrian Euskaltzaindiak egin zuen lehen osoko bilkuratik ehun urtera, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan amaitu arte. «Horrekin batera, ohorezko patronatu bat eratuko da herri erakunde nagusiekin batera, eta aurtengo uda aurretik aurkeztuko da». Eusko Ikaskuntza eta Euskaltzaindiaren arteko bilkura berezi bat ere aurreikusia dago eta herrialdez herrialde, foru aldundi eta hiriburuetako udalekin ere antolatu dira ekitaldi instituzionalak.

Bederatzi jardunaldi

Aurten ehun urte betetzen ditu akademiak eta 50 urte euskara batuak. 1960ko hamarkadaren hasieran hainbat bilkura egin ziren euskara batuaren oinarriak lantzeko, horietako batzuk Baionan. Bilkura horien ekarpen nagusiak azpimarratzeko irailean egingo dute jardunaldi akademikoa bertan. Gero, urrian, Arantzazura joko dute eta gizartea batasunaren garrantziaz ohartaraztea, egungoaz gogoeta egitea eta eginkizun dagoena definitzea izango dute helburu.

Urtarriletik irailera, berriz, beste zazpi jardunaldi akademiko egingo dira Iruñean, Gasteizen, Bilbon eta Donostian. «Instituzio akademikoa da gurea, eta beraz, gure DNAren parte dira jardunaldiak», aipatu du Usarraldek. Guztiek izango dute nazioarteko izaera eta guztietan egongo da arduradun akademiko eta batzorde zientifiko bana. Gainera, emaitza gisa, jardunaldi bakoitzak emango duen edukia argitara emango da eta ikus-entzunezko materiala sortuko da. «Euskaltzaindiaren barruko jardun eremuen barrukoak dira jorratuko diren gaiak, eta beraz, erakundearen barruko batzorde, lantalde eta egitasmo guztiek izango dute bere tokia, jardunaldi batean ez bada bestean».

Izango dira beste jite bateko emanaldiak ere mendeurrena ospatzeko. Iaz akademiak Bilboko Udalarekin batera Astelehen Buruzuria kontzertu akustikoen zikloa antolatu zuen, eta besteak beste, Anari, Gorka Urbizu, Niko Etxart, Inun eta La Basuk parte hartu zuten urrian eta azaroan. Aurten ere, mendeurrenaren harira ari dira ekitaldi artistiko eta kulturalak antolatzen. «Aurreratu dezakegu abesbatzen emanaldiak, antzerkiak eta musika kontzertuak izango direla», esan du mendeurrenaren bateragileak.

Mendeurrenaren hedapena egingo du Euskaltzaindiak hedabide publiko eta pribatuen bidez eta nazioartean ekimenak oihartzuna izan dezan saiatuko dira. Hezkuntza alorrean mendeurrenak ematen duen jasotzeko unitate didaktiko bat osatuko dute eta dokumental bat egiteko asmoa ere badute. Euskararen akademiak, sare sozialen bitartez zabalduko du ehun urteak ospatzeko ekitaldien berri.

Logo eta lelo berriak

«XXI. mendean, puri-purian dauden egiteko moduak geureganatu eta horien arabera jokatu nahi dugu». Argi du Euskaltzaindiak. Eta hori irudikatzeko logo berria aurkeztu zuen martxoa bukaeran akademiak. Sagrario Aleman euskaltzainaren esanetan, betiko zuhaitzari beste itxura bat eman nahi izan diote «irekiagoa eta dinamikoagoa». Ordenagailuetako plaka nagusietan hain ohikoa den zirkuitu baten modura, betiko «adorea eta bizitasuna» erakusten ditu. Lau haizeetara zabaldu nahi du Euskaltzaindiak bere nahia, «euskal gizartearekin batera aurrera egiteko nahi hori, euskarak hauspoa har dezan XXI. mende korapilatsu honetan».

Koloreztaturik dator zuhaitza, azken 25 urteotako berdea argitu du eta urre kolorez eman dute lelo berria mendeurrena ospatzeko: euskara ehuntzen. «Ez da hitz joko hutsa», esan du Alemanek. «Mendeurrenaren pisua azpimarratzen du leloak, baina aldi berean, bestelako ideiak ere iradokitzen ditu: hala nola, euskara zaintzen, ikertzen, eta lantzen jarraitu behar duela euskararen akademiak, bai, baina euskalgintzarekin bat eginez, gure betiko zerbitzu bokazioa indartuz, gaur-gaurko premia eta eskabideei erantzuna emanez».

Bat etorri da mendeurrena koordinatzeaz arduratzen den Usarralde, «ehun urte hauen izpiritua ondo azaltzen du leloak: sareak sortzen eta euskara josten segitu nahi baitugu aurrerantzean ere». Aurretik, ordea, urtebete dute eta egitarau oparoa prestatu dute horretarako, irailetik aurrera martxan egongo dena. 2019ko urrian, behin mendeurreneko ospakizunak bukatuta, indartsuago irudikatzen du akademia bateragileak: «Euskararen biziberritzeko prozesuari, dagokion funtzio eta arloetan bere ekarpena egiten irudikatzen dut gainerako eragile publiko, pribatu eta sozialekin etengabeko elkarlanean. Behin mendeurreneko ekitaldiak amaituta Euskaltzaindia XXI. mendeko egiteko moduak erabat bereganatuta dituen akademia moderno bat izatea gustatuko litzaidake».

 

JARDUNALDI AKADEMIKOAK

2018KO IRAILA

Baiona. Euskararen Batasunari Ipar Euskal Herritik egindako ekarpena. Jardunaldia eta erakusketa.

2018KO URRIA

Arantzazu. Euskararen Batasuna. Egindako bidea azaltzea; Gizartea batasunaren garrantziaz ohartaraztea. Egungoaz gogoeta egitea; Eginkizun dagoena definitzea.

2019KO URTARRILA

Iruñea. Hizkuntza eskubideak.

2019KO OTSAILA

Gasteiz. Ahoskera.

2019KO MARTXOA

Bilbon. Dialektologia. Jardunaldia eta erakusketa.

2019KO MAIATZA

Bilbon. Literatura.

2019KO EKAINA

Gasteiz. Onomastika.

2019KO UZTAILA

Donostia. Gramatika.

2019KO IRAILA

Donostia. Teknologia berriak eta euskara.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!