Koldobika Jauregiren 'Arbolaren Egia' obra jarriko dute Baionan

Tolosaldeko Ataria 2018ko api. 5a, 17:00
Argazkia: Lander Iruin

Bake Bideak Foruma antolatu du asteburuan Bakegileekin batera eta igandean, apirilaren 8an, Baionako Roland Barthes zelaigunean inauguratuko da Alkizako artistaren eskultura. Obrak Lapurdiko hiribururako bidea hartu du gaur.

Igandean beteko da urtebete ETAren armagabetzetik eta hori dela eta Bake Bideak Baionan eta Miarritzen ekitaldiak antolatu ditu ostiraletik larunbatera. Igandean, Arbolaren Egia obra estreinatuko dute. Koldobika Jauregik egina da eta desarme eguneko gunetik metro gutxira jarriko dute, Roland Barthes zelaigunean.

«Arbola hain da bihotz onekoa, non bere egurra ematen dion aizkorari, giderra egin dezan, jakinda moztu dezakeela», azaldu zuen Jauregik. Zortzi metro garai eta lau metro zabal dituen obra da eta diruz laguntzeko mezenasgo bat jarri du martxan Bake Bideak.

Egitarau zabala antolatu dute ostiral eta larunbaterako. Apirilaren 6an,  Baionako Merkataritza eta Industria Ganberan, Biktimak, sufrikarioa: Iraganari aurre egin etorkizuna eraikitzeko gaia izango du lehen mahai inguruak. Hauek izango dira hizlariak: Mixel Berhokoirigoin bakegilea, Jean Pierre Massias Justizia Trantsizionaleko Elkarte Frankofonoaren lehendakaria, Julen Mendoza Errenteriako (Gipuzkoa) alkatea, Serge Portelli Versailleseko Dei Gorteko epailea, Pantxoa Bimboire merkataritza ganberako kidea, Karmen Galdeano GALek 1985ean erail zuen Xabier Galdeanoren alaba, eta Jexux Mari Mujika ETAk 2000n hil zuen Joxe Mari Korta enpresarien buruaren lagun mina.

Apirilaren 7an, larunbatez, Miarritzeko Bellevue Auditoriumean, Euskal presoak: Egingarritik beharrezkora izenburuko mahai inguruan izango dira, Xantiana Cachenaut EPPK-ko presoen abokatua, Anaiz Funosas Bake Bidea mugimenduko lehendakaria, Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria, Jean Noel Etxeberri Txetx Bakegilea, Michel Tubiana Frantziako Giza Eskubideen Ligako Ohorezko lehendakaria, Michel Veunac Miarritzeko alkatea, Harold Good apaiza, eta Philippe Texier magistratua.

Polemika iturri

Bake Bideak asteburuan antolatu dituen ekitaldien harira komunikatua kaleratu du Terrorismoaren Biktimen Fundazioak. Marimar Blanco lehendakariak gaitzetsi egin du Baionan igandean egingo den ekitaldia eta udalaren "konplizitatearekin" burutuko dela esan du. Fundazioak uste du, "erakunde publikoek egia argitzen lagundu eta biktima eta borreroen arteko bereizketa garbia egin behar dutela, distantziakidetasun morala eta anbiguotasuna alde batera utziz".

Jean Rene Etxegarai Baionako auzapezaren aurka jo du Blancok eta gogoratu du iaz "aktiboki" parte hartu zuela, bere esanetan "propagandistikoa" izan zen erakunde armatuaren armagabetze ekitaldian. "Orain hiltzaileen sinbologia betikotu nahi du", esan du Terrorismoaren Biktimen Fundazioko lehendakariak, Koldobika Jauregiren Arbolaren Egia eskulturari erreferentzia eginez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!