Ingurumena zaintzea gure erronka

Andoni Uzkudun 2016ko eka. 5a, 13:59

Nazioarteko Ingurumenaren Eguna ospatzen da mundu osoan. Hori dela eta, eskualdeko udalek eta Tolosaldea Garatzenek, ekintza ezberdinak antolatu dituzte egun honen inguruan. Alkizan, mendi ibilaldia antolatu dute Largabista eta Tiritatxorekin, herriko plazatik abiatuta. Ondoren, Irrien Lagunak ikuskizuna, erakusketak, tailerrak eta bertako produktuak dastaketatzeko aukera ere izan da.

Eskualdean egongo diren ekintza ezberdinak:

  •     Alegia


Ekainak 6, astelehena. Ibai garbiketa, Haur Hezkuntzako ikasleekin.

Ekainak 14, asteartea. Ibai garbiketa, DBH eta Gaztetxeko gazteekin.

  •     Ibarra


Ekainak 7, asteartea. Zelai Errekaren inguruko azalpenak, Azkue auzoan, 10:00etan. DBHko ikasleak errekara gerturatzea, Aitzpea Errasti URA Agentziako teknikariaren eskutik.

Ekainak 8, asteazkena. Konposta banaketa San Bartolome plazan, 10:00etatik 12:00etara. Ikasleen laguntzarekin, konposta gertutik ikusi eta interesa duten herritarren artean banatzea

 
Urte guztiko lanketa eskualde osoan

Tolosaldea Garatzenetik nabarmendu dute, eskualdeko udal guztien izenean, egiten duten apustua eskualdearen ingurumena babestearen aldekoa. "Apustu hori argia da eta horretarako hainbat proiektu ditugu martxan", azaldu du Mendizabalek.

Tolosaldeko ibaietako basoa berreskuratzeko proiektua. eskualdeko ibaietan bertako espezieen defentsa, exotiko inbaditzaileen erradikazioa eta habitaten berreskurapena dira proiektu honen helburuak. Espezie inbaditzaileak ezagutu, kartografiatu, tratatu eta bertako espezieak landatzean datza proiektua; haltza, sahatsa, lizarra, intsusa eta zuhandorra dira bereziki landatzen diren espezieak.

Eskualdeko udaletako erosketa eta zerbitzuen kontratazioetan ingurumen irizpideak txertatzeko konpromisoa. "EAEko Barne Produktu Gordinaren %14 suposatzen dute udaletako erosketek eta eredugarri izan behar dira udalak", esan du Mendizabalek. "2010etik hona eskualdeko udalek erosketak egiteko garaian eta kontratazioak egiteko garaian ingurumen irizpideak txertatzeko pausoak eman dituzte. Aurten, orain arte egindakoa aurkeztu eta konpromiso hori berretsi nahi dugu".

Tolosaldeko mendi ibilbideen saretzea ekimena. Eskualdeko mendi ibilbideak elkarrekin lotzeko lanak egin dira azken hilabeteetan. "Gure paisaia eta gure altxorrak ezagutzera ematea da helburua,  ezagutzen dena maitatzen baita eta maitatzen dena babesten dela uste dugulako".

Eskola Agenda 21. Aurten Tolosaldeko 11 herritako ikasleek hartu dute parte, "gure ikastetxe eta herriak jasangarritasunaren bidean lanean jarriz", zehaztu dute Tolosaldea Garatzenetik. Aurten landutako gaia kontsumo ekologikoa izan da. "Kontsumo ohiturek eragin zuzena dute ingurumenean eta hori ikusi ahal izan dute produktuen bilgarriak, ekoetiketak, jatorria eta iraungitze programatua bezalako gauzak aztertzerakoan. Bertako produktuak kontsumitzea kutsadura gutxitu eta bertako baserri kultura eta paisaiaren alde egiten dugu". Oihana Orkolaga Eskola Agenda 21eko eskualdeko dinamizatzaileak azaldu duenez, "ikasleek ikasturtean zehar ikastetxeko azterketa bat egiten dute, kasu honetan kontsumoaren inguruan. Herrietako diagnostiko bat egin da, ikusiz bertako produktuak saltzen diren, hondakinak kudeatzeko zer baliabide dauden...". Tolosaldeko Topaketa asteazkenean egingo da, ekainaren 1ean, eta hortik ateratzen diren materialak aprobetxatuko dituzte erakusketa bat egiteko ekainaren 5ean, Alkizan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!