Apartamentu turistikoak zabaldu dituzte Alkizako Leten

Jon Miranda Labaien 2016ko mar. 1a, 12:18

Lete nekazalturismoari apartamentu turistikoak gehitu dizkiete etxe parean egindako eraikinean. Lau apartamentu dira, bakoitza launa pertsonentzat prestatuak eta sukalde eta komunekin hornituak.

Jose Ignacio Gorostidik eta Axun Muruak 25 urte daramatzate Lete nekazalturismoaren kargu. "Azken urteetako bezero gehienak familian gerturatu dira eta eskaera horri erantzun nahian zabaldu dugu zerbitzua", esan du Gorostidik. Etxe atarian zuten soroan egin dute eraikin berria. Labayen Tolosako arkitektoak diseinatu eta energia aurrezpena eta efizientzia ziurtatzen dituen agiria du etxe berriak. Lau urte behar izan dituzte lanak amaitzeko.

Axun Muruak nabarmendu duenez, "geroz eta jende gehiagok eskatzen du logela sukaldearekin eta horregatik animatu ginen. Lan polita da oso, jende asko ezagutzeko aukera ematen dizulako". Aurretik bost logela kudeatu dituzte Lete nekazalturismoan eta bikoteak atera du lana aurrera. "Oraingoz, apartamentu turistikoen martxa etxekook eramango dugu baina ez litzateke txarra lanez gainezka egon eta norbait kontratatu behar izatea, hartara, beste lanpostu bat sortuko genuke Alkizan".

Nekazalturismo arduradunek proiektua martxan jartzeko jasotako laguntza eskertu dute. Erakunde ezberdinetako ordezkariak izan dira inaugurazio ekitaldian eta horien artean, Jon Umerez Alkizako alkateak hartu du hitza Gorostidik eta Muruak agertutako jarrera ekintzailea txalotzeko: "Alkiza naturari eta baserriari lotutako leku bat da eta proiektu hau garrantzitsua da kanpotik etorritako jendeak toki bat izan dezan, bertatik abiatuta gure ingurunea ezagutzeko. Lehendik egiten ari den lana osatzera datoz apartamentu turistikoak eta herriko dinamikan ondo txertatuta daude". Herrian martxan dauden beste ekimenekin horiek zerrendatu ditu alkateak, Urmara museoa, Fagus-Alkiza interpretazio zentroa edota Urruzola etxeko txakolindegia, adibidez.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo zuzendari Maite Cruzadok ere parte hartu du inaugurazio ekitaldian eta goraipatu egin du ekimen pribatua, batez ere, bizi dugun testuinguru ekonomikoan. Turismo arloan dauden eskaerei erantzutera dator, Cruzadoren ustez, apartamentuen zabaltzea, "ez bakarrik kostaldean edo Gipuzkoako hiriburuan, honek erakusten du landa eremuarentzat aukera bat direla gisa honetako ekimenak". Foru Aldunditik Gipuzkoa nazioarteko mapan kokatzeko ahaleginean ari direla esan du Cruzadok eta "turismo iraunkorra, orekatua eta kohesionatua" bultzatu nahi dutela, "gure izateko era errespetatuko duena". Elkarbizitza eta elkar ezagutzarako proiektu garrantzitsutzat hartu du Turismo zuzendariak Leten zabaldu den eraikin berria.

Tolosaldea Garatzeneko eta Tolomendiko teknikariek, Alkizako udaleko zinegotziek eta herriko beste hainbat eragilek parte hartu dute inaugurazio ekitaldian. Etxe berrian mokadua hartu eta duela gutxi eraberritu duten Fagus Alkiza interpretazio zentroa bisitatzeko aukera izan dute ondoren.

Hemen argazki gehiago:

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!