Alegiako Txupitxu Kirol Klubak I. Txupitxu Txiki Bizikleta Eguna antolatu du irailaren 19rako, Alegiako Udalaren laguntzarekin. Talde honek antolatuta, iaz egin zuten lehen aldiz helduentzako bizikleta martxa, eta aurten bigarren edizioa egin dute. Iazko edizioan, haurrentzako ekintzak izan ziren arratsaldean; aurtengorako, ordea, ez zuten halakorik antolatu, eta aurrerago haurrei zuzendutako festa-egun bat egitea aurreikusten zuten.
Bada, hori irailaren 19an izango da. 17 urte arteko haur eta gaztetxoek Alegiako MTB zirkuituan ibiltzeko aukera izango dute; aldi berean, kirolaz eta naturaz gozatuko dute. Parte hartzaileak 9:30ean abiatuko dira Langaurretik; adin tarte desberdinei zuzendutako ibilbideak izango dira. Eguerdian, denek elkarrekin bazkaltzea da asmoa, norberak bere janaria eramanda.
Izena emateko epea zabalik dago, eta parte hartzeko interesa dutenek lotura honetan eman dezakete izena. Izena emateaz gain, informazio gehiago eskuratu dezakete.