«Eguraldi txarra izan arren, egun polita atera zen»

Ataria 2025eko azaroaren 10a

Eguraldiak ez bazuen lagundu ere, I. Txupitxu Bizikleta Eunaren balantze positiboa egin dute antolatzaileek.

Alegian I. Txupitxu Bizikleta Eune egin zuten larunbatean. Mendi bizikletarekin herriko zirkuituetatik jaitsiera egitea zen ekitaldi nagusia, hau da, enduro martxa. «Ondo atera zen eguna», esan dute antolatzaileek. «Goizean goizetik eguraldi kaskarra izan genuen, eta euri dezente egin zuen, espero genuena baino gehiago. Mendian lokatz pila bat bildu zuten bizikletan ibili zirenak, baina gustura ibili ziren». 130 partaide zeuden izena emanda, eta 105 izan ziren dortsalaren bila joan zirenak. «Norbait atzera bota zen, baina gehienak izan ziren. Gustura egon ginen. Pixka bat sufrituta, lokatz artean, euria, hotza, bustita, baina gustura ibili ziren enduro martxan parte hartu zutenak».

Enduro martxa eta gero, Alegiako eskolako aterpean bazkaldu zuten. «Gero bizikletarekin zinta karrera bat egin genuen opariak banatzeko, eta barre pixka bat egin genuen». Ondoren, arratsaldean umeentzako ginkana egin zuten. «Ume pila bat etorri ziren, 50 inguru, eta haiek ere gustura ibili ziren. Euritan bukatu zuten».

Eguraldiaren aldetik ez zutela zorterik onena izan diote antolatzaileek, baina orokorrean dena ondo atera zela: «Pentsatuta bezala atera zen, eta oso pozik gaude». Bide batez, eskerrak eman diete laguntzen aritu ziren boluntarioei eta babesleei.

Argazkiak: Ibon Azpilikueta

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!