Festetan eragin diren kalteak salatu ditu Alegiako Udalak

Edukiontziak erre, zuhaitzak apurtu eta ibilgailu batzuetan kalteak eragin direla esan du udalak.

Alegiako jaiak orokorrean giro onean igaro direla azaldu du Alegiako Udalak, baina, gutxiengo batek izan duen jarrera gaitzetsi du. «Herriko hainbat gunek kalteak eta txikizioak jasan dituzte eta jarrera desegoki horiek dituztenak oso gutxi izan arren, udalak jokabide horiek modu irmoan salatu nahi ditu». 

Udalak esan duenez, hondakin edukiontzi batzuk erre dituzte, zuhaitzak apurtu eta ibilgailu batzuetan kalteak eragin. 6.000 euro inguruko kostua duten kalteak eragin direla kalkulatu du udalak. «Festak ospatzera etortzeak ez dio inori horrelako ekintzak egiteko zilegitasunik ematen eta gutxiengo horrek eragindako kalteak konpontzeko, udalak beste gauza batzuetara bideratu nahi zuen dirua erabili beharko du, herriaren onurarako izango ziren hobekuntzak zertxobait atzeratuz», esan du.

Edukiontzien kasuan, suhiltzaileek esku hartu behar izan zuten. «Larrialdi zerbitzuak horrelako ekintza batzuetara ekarri beharrak, gertaera larriago batera joateko deia jasotzen dutenean, ezin joan izatea edo berandu iristea eragin dezake». Alegiako Udalak adierazi du horrelako jokabideak ez errepikatzea espero duela.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!