Intxausti Urtearen barruan, Ricardo eta German Intxaustiren sendiak eta Alegiako Udalak antolatuta, urteko lehen hitzordua egin dute gaur. Argazkilaritzako eta txistuko jardunagatik omentzen ari dira biak ala biak, eta gaur, batik bat, txistua izan dute ardatz.
Kalejira batekin hasi dute eguna, eta eguerdian, ekitaldi nagusia egin dute plazan. Lehenik, German Intxaustiren azken udal txistu taldekoak izan ziren Izaskun Lopetegik, Elena Alustizak eta haren seme Rikardo Intxaustik Germanek konposatutako zenbait pieza jo dituzte udaletxeko arkupeetan, eta segidan hasi da oholtzan ekitaldia.
Igotzen lehena Angel Mari Peñagarikano bertsolaria izan da, eta bertso sorta ederra kantatu du, German Intxaustiren txistulari eta argazkilari ofizioei buruz. Ondoren, Garikoitz Llobregat eta Jose Ramon Garikano txistulariek Koldo fandangoa eta Aldaba txiki arin-arina jo dituzte, eta haien doinura dantzatu dute Sutarri dantza taldeko kideek. Kimuberri kalejira ere jo dute txistulariek. Guztiak ala guztiak Germanek konposatutakoak dira. Koldo fandangoarekin lehen saria eskuratu zuen 1988ko Segurako konposizio txapelketan; 1992ko edizioan, berriz, Aldaba txiki arin-arinarekin lortu zuen lehen saria.
1991ko edizioan, Intxaustik lehen saria irabazi zuen Langaurretik euritan fandangoa eta Ostegunekoa arin-arinarekin. Bada, horiek ere entzun dira Alegiako plazan. Kasu honetan, aurten 50 urte bete dituen Segurako Ixilkara taldeko txistulariek jo dituzte. Gainera, urte hartan Segurako dantza suelto txapelketa irabazi zuten Antton Mendizabal eta Amaia Illarreta dantzariek dantzatu dituzte bi piezak. Oso momentu berezia izan da.
1994. urtean, Miel Txiki arin-arinarekin lehen saria eskuratu zuen Intxaustik. Seguran ez ezik, Hondarribiako txapelketan ere eskuratu zuen lehen saria. 1990. urtean izan zen, Aloñatik etxeruntz fandangoarekin.
Emanaldiaren lehen zatiaren amaieran, Joxe Mari Telleria txistulari segurarrak eta Intxaustitarren lagun minak, German hil ondoren familiari egin zion koadroa aurkeztu du. Hunkituta hitz egin du Telleriak. Regina Sorarrain Alegiako alkateak eta Garikoitz Mendizabal Euskal Herriko Txistularien Elkarteko kideek ere hartu dute hitza. Mendizabalek, gainera, agurra jo du, eta Germanen bilobek dantzatu dute, haien aitona eta birraitona omendu eta eskertzeko. Peñagarikanok beste bertso sorta eder bat kantatu du, eta azkenik, Markoz Landa aho soinu-jotzaileak saioa egin du.
Ekitaldiaren bigarren zatian Mendizabalek eta Gorka Hermosa akordeoi-jotzaileak kontzertua eman dute, Iholdi Beristain abeslariarekin. Besteak beste, Hermosak konposatutako piezak interpretatu dituzte, baita Intxaustirenak ere. Amaitzeko, bi musikariek herriko Txintxarri abesbatzarekin interpretatu dute Germanek Txintxarri elkartearen 50. urteurrenerako sortutako Txintxarri polka. Txintxarri elkarteak, eskertza itzultzeko, oroigarri bat oparitu dio Intxaustiren familiari.
Gaurko ekitaldian Intxausti Urtea zikloko beste ekitaldi baten berri eman dute. Urrian, German Intxaustiren argazki artxiboaren zati bat herritarrei erakusteko, udalak erakusketa bat jarriko du udaletxeko ganbaran. Gainera, argazkiei buruz hitz egiteko hitzaldiak ere antolatuko dituzte, gaian adituak direnekin.