Kalejiran, txistua eta argazkiak uztartuta

Ataria 2026ko uztailaren 12a

Intxausti Urtearen barruan, urteko lehen hitzordua egin dute gaur Alegian, eta eguerdiko ekitaldi nagusiaren aurretik, kalejira egin dute herrian zehar. German Intxaustik konposatutako piezak jotzeaz gain, hark egindako herriko zenbait argazki erakutsi dituzte.

Ricardo eta German Intxausti omentzeko Intxausti Urtearen barruan, haien sendiak eta Alegiako Udalak antolatuta, urteko lehen hitzordua egin dute gaur. Argazkilaritzako eta txistuko jardunagatik omentzen ari dira biak ala biak, eta gaur, batik bat, txistua izan dute ardatz. 

Kalejira batekin hasi dute eguna, plazan izan den ekitaldi nagusiaren aurretik. Alegiako, Albizturko eta Zaldibiako txistulariek nahiz herri gehiagotako txistulari eta lagunek parte hartu dute. Gainera, bidelagun izan dituzte Sutarri dantza taldeko kideak, eta ibilbidean Germanek konposatutako piezak jotzeaz gain, hark egindako herriko zenbait argazki erakutsi dituzte lau gunetan, garai bateko Alegia nolakoa zen erakusteko. Gune horietan egin dituzte geldialdiak, eta plazan amaitu dute kalejira.

Txistulari izateaz gain, konposatzailea izan zen German Intxausti; 25 pieza inguru sortu zituen, gehienak kalejirak, fandangoak eta arin-arinak. Kalejiran, esaterako, Intxaustik konposatutako Xamot pieza jo dute, Tomas Iraola txistu irakasle izan zenaren omenez sortutako kalejira. Ekimenaren helburua hark egindakoari balioa eman eta ezagutaraztea izan da.

Herriko festen atarian izan da gaurko ekitaldia. Bada, datorren asteko asteazkenean ere jasoko dute omenaldia, hain zuzen, Intxausti familiak piztuko duelako aurten jaien hasierako suziria.

Argazkiak: Patxi Renobales.

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!