Intxaustitarren txistularitza jarduna omenduko dute

Aitor Arroyo Askarai 2026ko uztailaren 9a

Rikardo Intxausti, Alegian, asteburuko ekitaldien programarekin. A. ARROYO

Kalejirarekin hasiko dute eguna, eta herriko plazako oholtzan izango da ekitaldi nagusia. Amaierako emanaldian «punta-puntako» hainbat musikarik hartuko dute parte.

Ricardo eta German Intxausti omentzeko ari dira antolatzen Intxausti Urtea elkarlanean haien sendia eta Alegiako Udala, eta igandean izango da lehen hitzordua. Argazkilaritzan eta txistularitzan izandako jardunagatik omenduko dituzte biak ala biak, eta hilaren 12an, batik bat, txistua izango dute ardatz. 

Kalejira batekin hasiko dute eguna, eta Alegiako plazan izango da ekitaldi nagusia, herriko festen atarian. Igandean ez ezik, datorren asteko asteazkenean ere jasoko dute omenaldia, hain zuzen, Intxausti familiak piztuko duelako aurten jaien hasierako suziria.

Berezi goiz-goizetik

Rikardo Intxaustik, omenduen ondorengoak, azaldu du «hasieratik berezia» izango dela igandea: kalejiran parte hartuko dute Alegiako, Albizturko eta Zaldibiako txistulariek, eta gonbidapena luzatu dute «edonor» bertaratzeko ere. Txistulariez gain, kalejiran bidelagun izango dituzte Sutarri dantza taldeko kidea, eta ibilbidean Germanek konposatutako piezak jotzeaz gain, «sorpresa batzuk» izango direla aurreratu du Intxaustik. 

Txistulari izateaz gain, konposatzailea izan zen German Intxausti, eta semeak kontatu du  «25 eta 28 pieza inguru» sortu zituela: «Horiek topatu ditut. Gehienak kalejirak, fandangoak eta arin-arinak dira». Ekimenaren helburua aitak egindakoari «balioa ematea» eta ezagutaraztea dela ere gehitu du Rikardok: «Herriko eragileekin elkarlanean antolatu dugu. Goizean aitak konposatutako Xamot kalejira joko dugu, gure irakasle izan zen Tomas Iraolaren omenez idatzi zuen».

Ekitaldia oholtzan

Kalejiraren ondotik udaletxeko arkupeetan elkartuko dira German Intxaustiren azken udal txistu taldekoak izan zirenekin, eta beste zenbait pieza joko dituzte.

Segidan hasiko da herriko plazako oholtzan ekitaldi nagusia, eta igotzen lehena Angel Mari Peñagarikano bertsolaria izango da. Ondoren, Garikoitz Llobregat eta Jose Ramon Garikano txistulariek fandango eta arin-arin bana joko dituzte, eta haien doinura dantzatuko dute Sutarri dantza taldeko kideek. Dantzarien joan-etorria girotzeko Kimuberri kalejira joko dute, eta dantzatzeko, berriz, Koldo fandangoa eta Aldaba Txiki arin-arina. Guztiak ala guztiak Germanek konposatutakoak dira, eta semeak azaldu du Segurako txapelketa zela-eta hasi zela konposatzen: «Garai batean dantza suelto txapelketarekin batera abestien konposaketena ere egiten zuten. Horrek bultzatuta hasi zen sortzen, eta sari bana irabazi zuen 1988an eta 1992an».

Horien ondotik igoko dira oholtzara 1991n Segurako txapelketan izan ziren txistulariak eta Antton Mendizabal zein Amaia Illarreta edizio hartako dantzari txapeldunak: «Langaurretik euritan fandangoa eta Ostegunetakoa arin-arina joko dituzte, aitak bi pieza horiekin saria irabazi zuelako urte hartan». Azkenik, txistularien elkarteko arduradun batek hartuko du hitza, eta Agurra egingo dute ondoren.

Bigarren zatian Garikoitz Mendizabal txistulariak eta Gorka Hermosa akordeoi-jotzaileak kontzertua emango dute aurreratu nahi izan ez duten abeslari batekin. «Biak ala biak punta-puntako musikariak dira, eta sekulakoa da haiek gurekin izatea», horrela hitz egin du Rikardok musikarien inguruan. Eta, amaitzeko, Mendizabalek eta Hermosak herriko Txintxarri abesbatzarekin interpretatuko dute Germanek Txintxarri elkartearen 50. urteurrenerako sortutako Txintxarri polka. 

Elkarlanaren balioa

Ekitaldia antolatzeko garaian «sekulako laguntza» jaso duela kontatu du pozarren Rikardo Intxaustik: «Hasiera-hasieratik eman didate baiezkoa laguntza eskatu diedan guztiek. Are gehiago, izan da niregana jo duenik ere, parte hartu nahi zuela esanez». Horrek «ilusio eta harrotasun» handia sentiarazten diola adierazi du Intxaustik.

Eskerrak ematearekin batera nabarmendu du aitari eta aitonari zuzendutako omenaldia ez ezik, amaren lana aitortzeko ere balioko duela ekimenak: «Aita batetik bestera ibiltzen zen txistuarekin, kamerarekin... Etxeko lanak amak egiten zituen, eta ez zuen behin ere hitz txarrik izan aitarentzat. Haiez gain, sekulako lana egiten zuen amak ere, eta horri ere aitortu behar zaio balioa, zalantzarik gabe».

Txistularien topaketa

  • Uztailak 12, igandea
    • 09:30. Txistularien kalejira herrian zehar, Sutarri dantza taldeak eta herritarrek lagunduta.
    • 12:00. Udaletxearen arkupeetan German Intxaustiren azken udal txistu taldekoak izan zirenekin pieza batzuk joko dituzte.
    • 12:15. Ekitaldia plazan.
      • Ekitaldiaren lehen zatia. 
        • Angel Mari Peñagarikano 
          bertsolaria.
        • Garikoitz Llobregat eta Jose Ramon Garikano txistulariek hainbat pieza jo eta horiek dantzatuko dituzte Sutarri dantza taldekoek.
        • Segurako txistulariek eta Antton Mendizabal eta Amaia Illarreta dantzariek Langaurretik euritan fandangoa eta Ostegunekoa arin-arina jo eta dantzatuko dituzte. 
        • Txistularien elkarteko arduradun batek hitza hartuko du, eta Agurra egingo dute.
      • Ekitaldiaren bigarren zatia. 
        • Kontzertua egingo dute Garikoitz Mendizabal txistulariak eta Gorka Hermosa akordeoi-jotzaileak. Emanaldian aurreratu ez duten abeslari baten laguntza izango dute.
        • Mendizabalek, Hermosak eta Txintxarri abesbatzak elkarlanean German Intxaustik konposatutako Txintxarri polka jo eta abestuko dute.

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!