Alegiako Gaztetxeko kideek esan dute festetan erabili ohi duten eszenatokiko burdinazko egituraren zati handi bat lapurtu dietela, «herriko gazteen lan eta ahaleginari zuzeneko erasoa eginez». Gogoratu dute 2023an ere eszenatoki bereko beste burdin batzuk lapurtu zituztela.
Esan dute ez dutela onartzen euren espazioa eta herriarentzat sortutako proiektuak suntsitzea, eta ez dela kasu isolatu bat: «Tamalez, azkenaldian gaztetxeen aurkako lapurretak eta erasoak ugaritu egin baitira. Gure guneak errespetatzea eskatzen dugu. Ez dugu onartuko horrelako gertakariek gure lana gelditzea».