Astelehenean Amezketa errekan gasolio isuri bat izan zela salatu du Eguzki Talde Ekologistak. Antza, Alegiako Larraitz auzoan nabaritu zuten usaina, eta isuria Amezketa errekatik Oria ibairako ubidean sumatu zuten. Isuriaren berri izandakoan 112 telefonora deitu omen zuten udaleko langileek, eta Ertzaintza bertaratu zen isuriaren jatorria ikertzera.
Eguzki Talde Ekologistatik seinalatu dute udan ugaritu egiten direla isurketen salaketak: «Oporrak direla-eta, enpresa batzuek 'garbiketa' egiten dute, eta errekek zein ibaiek ur gutxiago eramaten dutenez, isuri 'arruntak' beste hilabeteetan baino nabarmenago ageri ohi dira».
Isuriak «oso ohikoak» izanagatik «normaltzat» ezin direla jo nabarmendu dute ekologistek: «Errekako nahiz itsasoko urak nolanahi kutsatzea ez da inolaz ere normala. Beraz, irmoki salatu behar dira». Zentzu horretan, isurketaren bat ikusiz gero 112 larrialdi zenbakira deitzeko aholkatu diete herritarrei: «Handik jarriko dute martxan protokoloa, zeinak aurreikusten duen Ura agentziako ikuskatzaile bat lekua ikertzea joatea».
Era berean, eurekin harremanetan eguzki.eguzki@gmail.com helbide elektronikoan jartzeko gonbidapena ere luzatu dute, jarraipena egiten saiatu eta «hala badagokio» publikoki salatuko dutelako: «Salaketa publikoa ezinbesteko tresna iruditzen zaigu, ikusten ez diren arazoak ez baitira existitzen; eta, hain zuzen, isurketen arazoari ikusgarritasuna eman behar zaio».
Bigarrena aste berean
Alegiako salaketa ez ezik, atzo goizean Martutene auzoan ere Urumean isurketa bat egon zela seinalatu du talde ekologistak: «Martuteneko auzotarrek atzo goizean ohartarazi zuten isurketa kutsatzaile berri bat egon zela 27. poligonotik Urumeara».