Eltxo tigreak zein presentzia duen ikertuko dute Alegian

Ataria 2026ko ekainaren 18a

Alegiaren herriguneko artxibo irudia. ENERITZ MAIZ

Ekainaren 15etik azaroaren 15era egingo dute ikerketa. Laginketa egiteko ontzi batzuk erabiliko dituzte, eta horiek ez mugitzeko ohartarazi du herriko udalak.

Alegian eltxo tigrerik ba ote dagoen ikertuko du Eusko Jaurlaritzak ekainaren 15etik azaroaren 15era. Ikerketa hori gauzatzeko edalontzi moduko batzuk jarriko dituzte herriko hainbat gunetan, eta, horien bitartez, laginak jasoko dituzte aipatutako hilabete horietan. 

Laginketarako erabiliko dituzten ontzi horiek ura izango dute barruan, eta nabarmendu dute ez daukatela inolako arriskurik herritarrentzat. Zentzu horretan azterketak irauten duen bitartean ontzi horiek dauden lekuan mugitu gabe uzteko eskatu du Alegiako Udalak.  

Ikerketa zabala

Alegiaz gain, aurten Gipuzkoako beste hamabost udalerritan ere aztertuko dute eltxo tigrearen presentzia. Laginketa Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren Euskadin Eltxo Tigrea Detektatzeko Zaintza Programaren barruan egingo dute eta, guztira, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 50 herri aztertuko dituzte.

Orain arte, hiru probintzia horietako 72 udalerritan detektatu dute eltxo tigrea, batez ere, biztanle dentsitate handiko hiriguneetan. Aipatutako laginketaz gain, eltxo tigrea prebenitzeko eta kontrolatzeko udalentzako gida ere osatu du Eusko Jaurlaritzak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!