Goiz abiatu dira mendi bizikletarekin enduro martxako parte hartzaileak. Antolatzaileek 150 parte hartzailetan jarrita zuten muga, eta azkenean 145 txirrindularik eman dute izena. «Oso gustura gaude parte hartzearekin», esan du Iñaki Altuna antolatzaileak. «Mendi bizikletaren mundu hau gehiago ezagutaraztea nahi dugu, eta gero eta horrelako martxa gehiago daude. Herriari ere bizia ematen dio. Horrelako ekitaldietan lagunak elkartzen dira, jendea ezagutzen duzu, beste leku batzuetatik etortzen direnak ideiak ematen dizkizute nola antolatu... Eskertzekoa da sortzen den giroa». Eguraldiak ere lagundu du aurtengoan, ateri dagoela atera baitira txirrindulariak. Lan handia egin dute antolakuntzako kideek azken asteotan martxako ibilbidea prestatzen, eta boluntario bezala aritu direnei eskertu diete emandako laguntza.
Enduro zaleak eskolatik atera ondoren, herria gurutzatu dute, eta hortik Langaurreko atsedenlekura joan dira, handik Marea izeneko mendi-eremura igotzeko. Lau jaitsiera dituzte prestatuta. Aukera izango dute parte hartzaileek ibilbide luzea edo motza hartzeko. Luzeak 27 kilometro eta 1.500 metroko desnibel positiboa du, eta motza eginez gero 22 kilometro eta 1.200 metroko desnibel positiboa. «Lehen igoera exijentea da, baina gero ikusiko dituzten parajeak oso politak dira. Eguraldi ona egiten ari da, ateri, eta uste dugu gustura ariko direla parte hartzaileak», esan du Altunak. Behin ibilbidea amaituta, txirrindulariak eskolara bueltako dira, mokadutxoa jan eta bizitakoa elkarri kontatzeko.