Alegiako Langaurreko aisialdi gunea eraberrituko dute. Proiektua elkarlanean garatu dute Alegiako Udalak eta Tolosaldea Garatzen agentziak, eta joan den astean egin zuten publiko lanen lizitazioa. Guztira 111.000 euroko aurrekontua izango dute gunea eraberritzeko lanek.
Udalarentzat «eremu garrantzitsua» izan da Langaurreko gunea, eta aurrerantzean ere berdin jarraitzea aurreikusten dutela adierazi dute: «Eremu garrantzitsua izan da, eta bada oraindik ere. Horregatik, esku hartze garrantzitsu modura ikusten da aisialdirako gune hori txukuntzea eta eraberritzea».
Egiteko lanak
Eremua egokitzeko hainbat lan egingo dituzte azpiegitura hobetzeko. Lan horien helburua izango da, besteak beste, irisgarritasuna hobetzea; komunak berritzea; haurrentzako jolasgunea eraberritzea; eremuan dauden altzaria, parrillak eta antzeko beste zenbait elementu eraberritzea; Sagastigainetako borda berritzea; eta, oro har, ingurua «txukuntzea».
Alegiako Udalari kezka eragiten zion Langaurreko aisialdi guneak azkenaldian zuen egoerak, eta, aipatutako lan horien bitartez, herritarrentzat «hain kutuna» izan den gune bat berreskuratuko eta guztien eskura jarriko dute berrituta.
Aurrez aipatutako eraberritze lan horiek Europako Batasunak finantzatutako Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren (Next Generation-EU) esparruan gauzatuko dituzte, zehazki Tolosaldeko Turismo Jasangarriko Planaren 2. ardatzeko —Efizientzia Energetikoaren hobekuntza— 1. jarduketa —Tolosaldea oinez eta bizikletan— gauzatzearen baitan.
Eremu horretan askotariko jarduerak antolatu izan ditu Alegiako Udalak; adibide argienetako bat da Langaurre eguna. Horrez gain, egunerokoan ere askotan erabiltzen dute herritarrek.