Zaintzaren gaia lantzeko Alegia Zainduz prozesu parte hartzailea abiatu zuen Alegiako Udalak herriko hainbat eragilerekin elkarlanean. Zaintza kontzeptua «oso zabala eta garrantzitsua» dela dio Regina Sorarrain Alegiako alkateak: «Jaiotzen garen momentutik behar izaten dugu zaintza hori, baina udal ordezkari eta eragileok Alegiako biztanleriaren gehiengoa hartu nahi genuen eta, momentuz, hirugarren adinekoen zaintzan zentraturiko prozesua izango da».
Lehen pauso gisa, herritarrek aukera izan dute adinekoen zaintzaren inguruan duten iritzia emateko. Horretarako, alegiar guztiei 20 galderako galdetegi bat banatu zitzaien, eta «emaitza arrakastatsua» izan dela azaldu du alkateak: «Azpeitian bakarrik egin da halako prozesu parte hartzailea; 17.000 biztanletik 230 erantzun jaso omen dituzte eta Alegian, berriz, 1.700 biztanletik 140 erantzun jaso ditugu».
Horiek jaso ondoren, talde motorra eta mahaiak galdetegiaren erantzunen balorazioa egin du: «Diagnostiko horren azken emaitza izan da herritarrek biziki eskatu dutela hirugarren adinekoentzako zentroa», esan du alkateak. Irailean egingo dute bigarren prozesu parte hartzailea.
Zaintza mahaia balorean
Regina Sorarrain alkateak balioa eman dio «herriko eragile ezberdinek erakutsi duten borondateari eta leialtasunari». Izan ere, prozesu hori gidatu eta garatu ahal izateko Alegiako Zaintza Mahaia eratu zuten. Talde horrek sustatzaile modura jarduteaz gain, prozesuaren bilakaeraren berri ematen die herritarrei, eta alkateak horien lana eskertu nahi izan du «Alegiak Alegia zaintzen duela» ikusi delako.
Talde horretan hamabost eragilek jardun dute, besteak beste, Alegiako Udaleko hautetsiek eta Gizarte Zerbitzuek, osasun zentroak, etxez etxeko zerbitzua ematen duen enpresak, farmaziak, jubilatuen elkarteak, Txintxarriak Martxan taldeak, «familia ez formal» batek, zaintzan diharduten norbanakoek eta boluntarioek, apaizak eta emakume atzerritarrei euskara klaseak ematen dizkien taldeak.