‘Alegia Zainduz’ prozesu parte hartzailea aurkeztu du Alegiako Udalak herriko hainbat eragilerekin elkarlanean. Zaintzaren gaia lantzeko osatu dute egitasmoa eta, lehen pauso gisa, herritarrek aukera izango dute adinekoen zaintzaren inguruan duten iritzia emateko. Horretarako, alegiar guztiei galdetegi bat bidaliko diete etxera eta maiatzaren 23a baino lehen erantzun beharko dute. Paperean ez ezik, galdetegia digitalki ere erantzun ahal izango da bertan dagoen QR kodearen, udalaren web orrialdearen eta gailu mugikorretarako Alegia APP aplikazioaren bitartez.
Paperean erantzuten diren galdetegiak herriko bost puntutan egongo diren postontzietan bota ahal izango dira: jubilatuen egoitzan, osasun zentroan, kultur etxean, farmazian eta udaletxean. Edurne Arrayet zinegotziak adin guztietako herritarrak galdetegia erantzutera animatu ditu, «herritar guztien iritzia baliagarria» izango delako Alegian zaintzaren alorrean dagoen errealitatea ezagutzeko.
Alegiako Zaintza Mahaia
Regina Sorarrain alkateak balioa eman dio «herriko eragile ezberdinek erakutsi duten prestutasunari» prozesu hori garatu ahal izateko: «Zaintza kontzeptua oso zabala eta garrantzitsua da eta, momentuz, hirugarren adinekoen zaintzan zentraturiko prozesua izango da». Prozesu hori gidatu eta garatu ahal izateko Alegiako Zaintza Mahaia eratu dute, eta talde horrek sustatzaile modura jarduteaz gain, prozesuaren bilakaeraren berri emango die herritarrei.
Talde horretan jardungo dute, besteak beste, Alegiako Udaleko hautetsiek eta Gizarte Zerbitzuek, osasun zentroak, etxez etxeko zerbitzua ematen duen enpresak, farmaziak, jubilatuen elkarteak, Txintxarriak Martxan taldeak, «familia ez formal» batek, zaintzan diharduten norbanakoek eta boluntarioek, apaizak eta emakume atzerritarrei euskara klaseak ematen dizkien taldeak.
Elkarlanaren abiapuntu
Ekimenaren aurkezpenean izan da Patxi Renobales herritarra ere, zeinak zaindu beharreko adinekoak dituen familian. Prozesuan parte hartzeko proposamena jaso zuenean pozez hartu zuela aitortu du: «Ikusarazten ez den errealitate bat da emakumezkoak direla, gehien, zaintzan dihardutenak. Beharrezkoa da horren inguruan hausnartzea eta neurriak hartzea».
Eta hari berari tiraka gehitu du adineko pertsonak etxean sartuta sumatzen dituela: «Herri biziak nahi ditugu, eta horietan lekua izan behar dute belaunaldi guztietako herritarrek. Adinekoak etxetik asko ez ateratzeko joera dagoela iruditzen zait, eta arrazoiak askotarikoak izan litezke, baina kalera gehiago atera beharko lukete, erraztasunak eman beharko genizkieke».
Jubilatuen elkarteko ordezkari modura, berriz, Jose Luis Beainek hartu du hitza eta galdetegia erantzutera animatu ditu erretiratuak zein erretiratu gabeak: «Zenbat eta erantzun gehiago jaso, orduan eta osatuagoa izango da emaitza. Beraz, komeni da ahalik eta gehienek erantzutea galdetegia, ondorio gehiago eta zehatzagoak atera ahal izateko». Hari berari tiraka, udalak ere galdetegia betetzeko deia egin die herritarrei.