Festa giroan itxi dute antzerki topaketa

Leyre Carrasco 2025eko ekainaren 22a

Oinarria Inaxio Begiristainen omenezko amateur antzerki topaketaren gala nagusia egin dute goizean herriko zinean.

Azken bi hilabeteetan Oinarria antzerki topaketan aritu dira antzerkilari ugari, eta gaur eman diote amaiera. Horretarako, gala bat egin dute, zale eta herritar ugari bilduz. Alegiako zinean egin dute, eta antzerkia ez ezik, ez dira falta izan musika, bertsoa eta dantza ere. Festa giroa izan dute gala guztian zehar eta Egurrezko Zutabea izeneko sariak ere banatu dituzte. 

Arrazoi ezberdinak azpimarratuz, talde zein zuzendariek Egurrezko Zutabea jaso dute. Sariak banatzerakoan ikusleek emandako iritzia hartu dute kontuan, eta horien arabera Debako Goaz taldea saritu dute bere aniztasuna, koordinazioa eta mezua nabarmenduta; Arrasateko Doke taldearen egokitzapena eta aktoreen lana goraipatu dituzte; eta Segurako Xirikara taldearen umorea, naturaltasuna eta aberastasuna txalotu dituzte. 

Alegiako taldeak ere jaso du bere Zutabea Argi Dago obraren eszenaratze bikainarengatik. Eta beste Zutabe bana eraman dute umeen taldeko zuzendariek: hasi berriei, haurrei, antzerkiaren maitasuna, jolas moduan transmititzeagatik eta oholtza gaineko ausardia azpimarratuta jaso dute saria Bea Larrañaga eta Ziggy O’Dogertyk.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!